(Argazkia: Inaxio Esnaola)
Aste honetan hasi dituzte Saguesko Jose migel Barandiaran kaleko espaloia handitzeko lanak. Uztailaren erdialderako bukatuta egotea espero du Donostiako Udalak. Ernesto Gasco alkateordeak eskaini ditu obren xehetasunak, Saguesen bertan.
Zubiri-Manteo institututik Añarbeko Uren egoitzaraino doan espaloia zabalduko dute. Hain zuzen ere, lau metro irabaziko ditu espaloiak luzeran; zazpi bat orotara. Eremuko aparkalekuak kendu egingo dituzte – hogei inguru dira–, eta aurrera begira aztertuko du Mugikortasun sailak non kokatu edo egokitu.
Saguesko kale nagusian dauden tabernek eremu handiagoa izango dute terraza jartzeko, eta espaloiaren zabalerarekin irisgarritasuna zein mugikortasuna hobetuko dela esan du Gascok. “Eremuan egingo diren lanen lehen fasea da. Izan ere, oraindik ere zehazteko dago Saguesko hirigintza eta urbanizazio proiektua”.