Lokal bat okupatu du Alde Zaharreko Gazte Asanbladak, auzo lokal bilakatzeko
Gaur goizean, ekainaren 30ean, Parte Zaharreko Gazte Asanbladako kideak Aldamar kaleko 32 zenbakiko lokalean sartu dira, auzo lokal bilakatzeko helburuarekin. Duela urte batzuk bideoklub bat zegoen bertan, baina denbora da hutsik dagoela.
Azken hilabeteetan, auzoko hainbat eraikin eta lokal “berreskuratzeko” saiakera egin dute gazteek. Esaterako, pasa den martxoaren 24an, Abuztuak 31 kaleko eraikin bat okupatu zuten, eta gazteek, poliziak ilegalki aterarazi zituela salatu dute gaur zabaldu duten komunikatuan. Gaur egun, eraikin horretan pentsio berri bat irekiko dutela salatu dute bizilagunek. Okupazio horren ondoren, Parte Zaharrean gaztetxe bat lortzeko lanean jarraitu dutela gaineratu dute gazteek.
Alde Zaharra bizirik eguna ospatu dute auzoko gazteek, eta lokal berrira sartzeaz gain, hainbat jarduera egin dituzte goizean zehar. Eguna hasteko, Rekalde tabernan elkartu dira gazteak gosaltzeko, eta ondoren, Parte Zaharretik Visit your auzoa izeneko tour turistikoa egin dute, auzoari “lapurtu” zaizkion lekuetatik pasatuz: Bretxako merkatua, Lasala plazako hotel berria, kaia, etab. Tour-aren amaieran, Aldamar kaleko lokalera sartu dira eta garbitu eta txukuntzeari ekin diote auzolanean.