Parte Zaharreko gazte lokalaren desalojoa salatzeko manifestazioa egin dute
Manifestazioa egin zuten atzo, uztailaren 6an, Parte Zaharreko gazte lokalaren desalojoa salatzeko. Trinitate plazatik abiatuta, Parte Zaharreko kaleetan barrena egin zuten protesta auzotarrek, “okupazioa delitua bada, gora delinkuentzia” eta “el barrio no se vende, se cuida y se defiende” oihu artean. Amaitzeko, gazte lokalaren desalojoaren harira idatzitako manifestua irakurri zuten.
Pasa den larunbatean okupatu zuten Parte Zaharreko gazte lokal berria, hustu eta itxi zuten atzo goizean. Udaltzainek zigilatu zuten lokala goizean, ertzainez lagunduta, eta legez kanpo eta agindu judizialik gabe egin dutela salatu zuten gazteek.
Bizilagunak lokalaren inguruan bildu ziren, “auzoa ez dago salgai!” oihu artean eta gertatzen ari zena grabatzen ari ziren pertsonak identifikatu zituen poliziak, tartean, Irutxuloko Hitzako kazetari bat.
Parte Zaharreko gazte batek ez identifikatzeko erabakia hartu zuen, beharrezkoa ez zela argudiatuta, eta ertzainek polizia-etxera eraman zuten. Gazteak errepidean eseri ziren atxiloketa saihesteko eta poliziak indarrez jo zuen haiengana. Atxilotutako gaztea, polizia-etxean identifikatu ostean aske utzi zuten.
Erlazionatutako edukiaParte Zaharreko gazteek idatzi bat aurkeztu dute goizeko desalojoaren harira