Zementonen jaitsierarekin eta banderen igoerarekin hasi dituzte Añorgako festak
Zementonen jaitsiera eta banderen igoerarekin batera, jaien hasiera eman duen txupina bota dute Añorgan. Aurten ere bi asteburutan banatuko dituzte auzoko jaiak, aurrekoetan bezala. Hala, egun hauetan izango dituzte ospakizunak: uztailak 7, 8, 12, 13, 14, 15 eta 16.
Zementon Añorgako frontoietik behera jaitsi da eta ondoren pregoia irakurri du. Ondoren, auzoko buruhandiek igo dituzte banderak, jaien hasiera eman duen txupinaren hotsarekin batera. Hona hemen Zementonek irakurri duen pregoia:
Donostiako auzorik itsusiena garela esaten digute batzuk. Eta guk erantzuten diegu ez garela Donostia. Ez garela auzo. Herri bat garela. Gure bizitza lurzoru gris honen bueltan eraikitzea aukeratu dugulako, inguruan daukagun jende zoragarriaren inguruan bizitzea aukeratu dugulako, askok itsusitzat zeukaten inguru hau auzolanean eraikitzea aukeratu dugulako. Badelako jendea Añorgara begiratu eta hormak eta errepidea, fabrika eta futbol zelaia bakarrik ikusten dituena. Baina gu ez gara horrelakoak. Guk jendea ikusten dugu, jendea bizi dugu, eta jendartean bizi nahi dugu. Inguruan daukagun jende hau delako garena egiten gaituena.
Gure festak ez omen dira handiak, ez omen dira milaka lagun etorriko, ez omen dugu su artifizialik botako. Eta zer? Guk ez dugu artifiziorik behar sua pizteko, ez ditugu milaka pertsona behar gure festak handiak izan daitezen. Garena izateak handi egiten gaituelako; ez garelako edozein, eta ez dugulako izan nahi. Datozen egunotan elkar ezagutu, elkar gozatu eta elkar ospatuko dugu; datozen egunok uste osoan lanean jarraitzeko indarra emango digute; lagun berriak egin eta zaharrak zainduko ditugu. Denon artean eta bakoitzak nahi duen bezala ospatuko dugu Añorga, pribilegio handi bat delako garen hau izatea; pribilegio handi bat zaretelako denok.
Gora Zementon!!! Gora Añorga!!! Gora zuek!!!
Erlazionatutako edukiaBikingoak itzuliko dira Añorgara