Bidebieta: Txurruteroetatik Txanpontxora
80ko hamarkadan jada egiten ziren festak Bidebieta auzoan, eta hauek elkarteek antolatzen zituzten. Geroago, 90eko hamarkadan, Txurruteroek antolatzen zituzten jaiak, eta iraila hasieran ospatzen ziren. Garai batean, auzoko jaien ospakizunak San Joan bezperara mugatu ziren, eta hainbat jarduera antolatzen zituzten: haurrentzat jolasak, txokolate-jana, kontzertuak eta San Joan sua, besteak beste.
Donostiako Udalak ematen zuen diruarekin eta merkatarien laguntzarekin, egun bateko egitarau asteburu osora luzatu zuten, eta azkenik, 1999. urtean maiatza bukaerara aldatu zituzten festak, gaur egun egiten diren data berdinetara, alegia. Garai haietan, aurretik festetan egiten ziren hainbat ekitaldi berreskuratu ziren, hala nola, Bidebietako krosa eta areto-futbol txapelketa.
Txanpontxo pertsonaiaren sorrerak ere, mugarri bat markatu zuen auzoko jaietan. 2000. urtearen inguruan sortu zen, auzoko haur txokoa kudeatzen zuen Kabia elkartearen eskutik. Jaiei identitate propioa eta indarra emateko asmoz sortu zuten, auzotarren artean galderak egin eta auzoko historia ikertu ostean. Txanpontxo izena eman zioten pertsonaiari, Bidebietako Moneda baserrian oinarrituta, eta haur txokoarekin oso lotuta egon izan da betidanik.
Gaur egun haur txokoaren ardura udalarena den arren, Txanpontxoren pertsonaia antzezten duen pertsona haur txokoan aukeratzen da urtero. Auzoko umeak urtero gogoz eta ilusioz egoten dira Txanpontxoren etorrera eta bere txokolatezko txanponen zain.

