Manuel Olaizola “Uztapide”, Ibaetako jaietako oholtzan bertsotan.
Bere jaien izaera hoberen mantendu duen auzoetako bat da Ibaeta. Aingeru Guardako erromeriara igotzen denak erraz ikusi dezake hori, gaur egungo festa aspaldiko argazkietan ageri denarekin alderatuz gero. Oholtza gainera igotzen diren bertsolarien izenak aldatu dira, eta auzotarrak, espartinekin ordez, trekkingeko zapatilekin igotzen dira ermitara. Baina meza osteko txorizo pintxoen usainak eta Ibaetako jendea dantzan jartzen duen trikitiaren doinuak betiko moduan mantendu dira hiriaren muturreko auzoan.
Baserriko giroari lotutako jaiak dira Ibaetakoak, eta bertan xelebrekeriak ere ez dira inoiz faltatu. 60ko hamarkadan, adibidez, argazkian ageri den astoa mozorrotu eta hiriko erdiguneko Askatasun hiribidera eraman zuten, Seat 600 batean sartuta, animalia Ibaetara bueltatzeko gai zen edo ez jakiteko. Jabearen pozerako, astoa bere kabuz iritsi zen berriro bere baserrira.
Askatasun hiribidean asto bat aske utzi zuten, etxera bueltatzeko gai zen ikusteko.
Bertsolaritzak berebiziko garrantzia du ere Ibaetako jaietan, eta Euskal Herri osoko izen ezagunak pasa dira auzoko oholtzatik. Uztapide, Basarri, Mattin, Xalbador eta Lazkao Txiki, besteak beste, bertan ibili ziren euren bertsoekin auzoko jai giroa alaitzen, eta maila altu jarri bazuten ere, Lizasok, Egañak eta Gaztelumendi anaiek ederki hartu zieten erreleboa, Ibaetako jaien ezaugarri politenetariko bat mantentzen lagunduz.
Egungo festak antolatzen dituen jai batzordea 2001ean sortu zen, eta bere kideek egundoko lana egin dute geroztik jaiek bere izaera galdu ez dezaten.