
Berrikuntzen urtea da IRUTXULOKO HITZArentzat:
egoitza aldaketa,
logo berriaren sorrera,… eta horrekin batera material berria sortu dute. Salgai daude jada, Hiru Damatxo Ideia Faktoriako Unai Gaztelumendik diseinatutako poltsak eta kamisetak. Diseinuak ez dira nolanahikoak, izan ere, IRUTXULOKO HITZAK omenaldia egin nahi izan die Donostian oso estimatuak diren Andresa Portugal arrain-saltzailea eta Indalezio Bizkarrondo
Bilintx bertsolari eta poetari, eta haiek dira material berrien protagonistak. Horra zer den gure Donostia!
Kamiseten eta poltsen material guztia %100 organikoa da, eta kamisetetan neurri ezberdinak daude aukeran. Alde batetik, kamiseta estuen neurriak S, M, L, XL, XXL dira eta bestetik, kamiseta zabalenak XS, S, M, L, XL, XXL dira.
Materiala eskuratzeko, erreserba egin daiteke
dh@hitza.eus edo 943467236 telefonoan edo honako lekuetan erosi:
- Irutxuloko Hitzaren bulegoa (Ametzagaña, 19, behea).
- Aurresku Taberna (Ikatz kalea, 7)
- Bagera, Donostiako Euskaltzaleen Elkartea (Hernani Kalea, 15)
Materialaren protagonistak

Andresa Portugali eskainitako diseinua.
Andresa Portugal Oiartzungo Ugaldetxo auzoan jaio bazen ere, Donostian ezkondu zen arrantzale batekin, eta bere bizitzako zati handiena bertan pasa zuen. 1936ko gerra bukatu zenean, arraina saltzen hasi zen Bretxako azokaren inguruan, eta 70 urtez ekin zion arrain garbitua saltzeari. 2012ko otsailaren 26an hil zen, 96 urterekin, eta harekin batera batera galdu zen kaleko arrain saltzaile ofizioa. Heriotzaren urte berean, Donostiako udalak
hiritar merezimenduaren domina eman zion.

Bi-lintx my friend!
Indalezio Bizkarrondo Bilintx, aldiz, Donostian jaio zen bertsolaria, idazlea eta euskal poeta erromantikoa izan zen. Baserri munduko idealizaziotik urrunduta, amodiozko poesia landu zuen gehien bat, umore gazi-gozoko estiloarekin. Ideia progresista eta liberalistengatik ezaguna izan zen, eta baita bizitzan zehar izandako hainbat istripuren ondorioz zuen itxura fisikoarengatik. Gaztetan eskaileretatik erori zen eta aurpegia desitxuratuta gelditu zitzaion eta gainera, herrenka ibili zen beti, soka-muturrean behin zezenak adarkatu eta hanketan zauri larriak eragin zizkiolako.
Egin zure argazkia!
IRUTXULOKO HITZAtik jendea animatu nahi dute proiektuarekin bat egitera, eta horretarako proposamen bat luzatu dute: materiala eskuratu ondoren, atera argazki bat eta igo sare sozialetara
#AndresaEtaBilintx traolarekin. Animatu zaitezte, IRUTXULOKO HITZAko langileak hasi dira jada!