Andresa Portugalen heriotzarekin, kalean arraina saltzeko ofizioa galdu da

Parte Zaharreko bizilagunen eta Bretxako erosleen artean ezaguna zen emakumea, eta hari buruz galdetu du IRUTXULOKO HITZAk Bretxako plazan.

Andresa Portugal, Agurtzane Zubiaurre alabarekin, Hiritar Merezimenduaren Domina jaso bezperan. (Argazkilaria: Xabier Etxabe)

Andresa Portugalek (Parte Zaharra, 1915) utzitako hutsunea are gehiago nabarituko dute Bretxako erosle eta Parte Zaharreko bizilagunek. Ehun urte bete eta gainditzeko asmoa eta bizitzeko gogoa bazituen ere, azken hilabeteetan okerrera egin zion osasun txarra gailendu zaio Portugali.

Joan den igandean, 96 urte luze zituela hil da, Hiritar Merezimenduaren Domina jaso eta hilabetera. Astelehenean senideek eta Parte Zaharreko adiskideek agurtu zuten, San Bizente elizan egin zen hileta elizkizunean. Handik gertu, Bretxako plaza eta San Juan kalearen arteko kantoia umezurtz utzi zuen orain zazpi hilabete, mindutako hankak eta bere kabuz ibiltzeko ezintasunak ogibideari betiko agur esatera behartzean. Portugalekin batera galdu da kaleko arrain saltzaile ofizioa.
Nahiz eta Oiartzunen jaio, bizitzaren gehiena Donostian egin zuen. Senarra Parte Zaharreko arrantzalea zuen, eta harekin ezkontzean, hirira etorri zen bizitzera. Amaginarreba eta koinatarekin hasi zen arraina saltzen, eta haiengandik ikasi zuen lanbidea. 70 urtez eutsi zion. Euria, hotza, haizea… Seme-alabek lana uzteko askotan errepikatu arren, ezerk ez zuen gelditu. San Sebastian bezperan jaso zuen omenaldiarekin betiko ofizioen garrantzia nabarmendu eta bere bizi osoko ardura saritu zuten udal agintariek.

Zalapartatsua eta nabarmena
Parte Zaharrean denek ezagutzen zuten. Almacenes La Bretxako langileek badakite nor zen, berarekin harremanik izan ez arren. Plaza zaharrean, 1933an ateak ireki zituen dendaren aurrez aurre jartzen baitzuen bere postutxoa. Saltokiaren parean dagoen Zurrumurru kazeta dendako Eusebio Martinezek ere«betidanik» gogoratzen du. Martinez Kaikoa da eta beti Bretxan lan egin du. Arrandegian ezagutu zuen La Andresa eta halabeharrez, hark postua zuen lekutik gertu du denda.”Gelditu zen azkena zen eta oraintsu arte aritu zen; beharrik gabe, bere izaera zelako”.

Jada ohikoa izan ez arren,orain 20 bat urte, kalean arraina erosten zela dio. San Juan kaleko errepide ondoan hiru saltzaile izaten ziren, Portugal eta beste bi. “Zalapartatsua zen, gehien nabarmentzen zena”, dio Martinezek. Plaza berria egin zenean, azoka tradizionalaren ondoko kantoia hartu zuen Portugalek. Urte askotan arrain saltzaile bakarra izan zen Portugal. “Bere oholtzatxoa jartzen zuen, antxoak ez dakit nondik lortzen zituen, baina bizi osoan saldutako moduan jarraitzen zuen lanean. Kemen eta jardun handikoa zen”. Adinarengatik zailtasunak izaten zituen postua osatzeko, baina beti topatzen zuen boluntarioren bat. “Bretxako eraikinean bere gurditxoa gordetzen uzten zioten, eta beti topatzen zuen laguntzaileren bat. Parean topatzen zuenari laguntza eskatzen zion. Berdin zitzaion zer esaten zenion, berak nahi zuena egiten zuen”, gogoratu du Martinezek.

Goizeko zortziak ingururako kalean zen Portugal. Arrandegian erositakoa antxoak dozenaka saltzen zituen, 3,5 euroan. Haien faltan, berdelekin eta txitxarroekin betetzen zuen gurditxoa; eta arrainik ez zuenean, berriz, presoen aldeko txartelak edo Eguberritan zozkatzen zuen saskiarenak salgai izaten zituen. Ibaetako Kontxi Zinkunegik du Bulebarretik hasita, azokako azken postua. Portugalek postua plazan jarri ohi zuen, baina euria bazen bere ondoan izaten zen. Azken bost urteetan harremana izan dute. Kanbioak behar zituela oihukatu, eta berarengana hurbiltzen zen. Zinkunegik azaldu duenez, hiru modutan saltzen zituen antxoak “osorik, garbituta eta hezurra kenduta, edo arrautza-irinetan pasatzeko prest”.

Pasadizo bitxi ugari izan zituzten. Ibaetarrak bat gogoratzen du nahitasun bereziz. “Saskia lurrean utzi eta diru xehe bila etorri zen. Trukean ari ginela itsas-txori bat etorri eta antxoa lapurtu zion. Han hasi zen, ‘Ai Kontxi kanbioa egiten eta antxoa lapurtu dit!'”. Harreman ona zuten, eta azokan utzitako hutsunea nabari du. “Bitxia izan da. Aurreko alkatea iloba zuen, hark utzi, eta berak postua utzi du. Domina eman, eta hilabetera hil da”, aipatu du Zinkunegik.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend