Sorosleek elkartasun argazkia atera dute Zurriolan, grebako lehen egunean
Donostiako sorosleen baldintzen eta grebaren inguruko erreportajea argitaratu zuen IRUTXULOKO HITZAk pasa den ostiraleko astekarian.
Donostiako sorosleak greban daude gaurtik asteartera bitarte, Gurutze Gorriari eta udalari euren lan baldintzak hobetuko dituen akordio berri baten sinadura exijitzeko. Protesta horren baitan, sorosleek elkartasun argazkia atera dute gaur Zurriolan, eta hondartzan zegoen jendea batu egin zaie babesa adierazteko.
Greba zerbitzuen %80ko minimoa mantenduz egin dute, baina Gipuzkoako hondartza guztiak bandera gorri edo horiarekin egon dira gaur, minimo hori bainularien segurtasuna bermatzera iristen ez dela kontsideratzen dutelako.
Grebaren jarraipenarekin oso pozik agertu da Maddi Aspiazu ELA sindikatuko arduraduna, eta jendearen babesak eta elkartasun keinuek borrokan jarraitzeko indarra eman dietela dio: “Garbi daukagu gizartearen babesa dugula”. Momentuz, ordea, udala eta Gurutze Gorriaren partetik deirik jaso ez dutela adierazi du Aspiazuk.