Eskaripeko geldialdi zerbitzuak harrera ona izan duela dio udalak
Ekainaren 29an jarri zuen abian Donostiako Udalak eskaripeko geldialdien sistema. B8-Mirakontxa-Benta Berri-Seminario gautxori autobus linea da zerbitzua eskaintzen duen aurrenekoa, eta emakumeei zein adingabeei zuzendurikoa da.
Hilabete pasa denean, udalak zerbitzuaren lehen balorazioa egin du. “Erabiltzaileen erantzuna oso positiboa izan da hasieratik, balio gehigarria ematen diolako aurobus lineari eta bidaiarien segurtasuna bermatzeko neurria mesedegarritzat jo dutelako”, azaldu du Pilar Arana Mugikortasuneko zinegotziak.
Hamar erabiltzaile izan dira aipaturiko autobus linearen ibilbidean eskaria egin dutenak. Jazzaldiko azken asteburuan hiru pertsonak eskatu zuten geldialdia. “Udalak jarraipen zuzena egingo dio zerbitzu berriari, izan daitezkeen gabeziak aztertu eta zuzentzeko, azken finean mota honetako neurriek denbora behar dute ezagutarazteko eta bere horretan finkatzeko”, gaineratu du Aranak.