Loiolakoak festen azken egunean murgildu dira
Ederki ospatu dute Loiolakoek San Ignazio eguna, auzoko jaietako azken eguna. Goizean zehar hainbat jarduera egin dituzte, eta eguraldi traketsak ez die festak gozatzeko trabarik egin auzotarrei. Arratsaldean, gustu guztietarako eskaintza egon da auzoko gune ezberdinetan. Alde batetik, Loiolako XXX. Nazioarteko folklore jaialdiaren baitako desfilea egin dute auzotik, eta ondoren jaialdia egin dute frontoian. Aurten, Trim the Velvet Belfasteko dantza taldeak, Chanthabur Folk Dance Thailandiako dantza taldeak eta Donostiako Eskola dantza taldeak hartu dute parte jaialdian.
Bitartean, Latsarien plazan Moto eta trizikloen lasterketa mundiala egin dute, Sustrai aisialdi taldeak antolatuta. Lasterketak hiru txanda izan ditu. Lehena txikienek osatu dute, 2 eta 3 urtekoek, hain zuzen; bigarrena, 4tik aurrerakoek eta hirugarrenean, guraso eta helduak izan dira protagonista, auzoko txikien motor eta trizikloekin egin baitute lasterketa.
2018ko Loiolako jaiei amaiera emateko, traka egingo dute gaueko 00:00etan, ibai ertzeko paseoan, baina bitartean, hainbat jardueraz gozatzeko aukera izango dute oraindik Loiolakoek, besteak beste, Gauerdi txarangaren kalejira eta hiltzearen ehorzketa eta buruhandi eta erraldoien kalejira.