Beroari aurre egiteko gomendioak eman ditu udalak
Datozen egunetan bero bolada datorrenez, tenperatura altuen ondorioak saihesteko hainbat gomendio eman ditu Martin Ibabek, Donostiako Udaleko Hiritar Segurtasun zinegotziak.
Bero asko egiten duenean likido asko edan behar dela eta arin jan behar dela gogoratu du udalak. Bestalde, bero gehien egiten duen orduetan etxean gelditzeko gomendatzen dute, leihoak eta pertsianak itxita.
Kalera ateratzekotan, arropa zabala, arina, kolore argikoa eta izerditzen uzten duena erabiltzeko gomendioa eman du udalak, eta baita burua estaltzeko eta eguzkitako betaurrekoak erabiltzekoa ere. Bestalde, ariketa fisikoak bero gutxien egiten duen orduetan egin behar dira, eta ibilgailua aparkatuta uzterakoan ez da barruan pertsona edo animaliarik utzi behar.
Ume txikiek, adineko pertsonek eta gaixoek dute arrisku gehien bero egunetan, horregatik, haiekin arreta handiz egon behar dela dio udalak. Bakarrik bizi diren adinekoek edota menpekoak direnek senideen laguntza behar dute egunero, eta sendagaiak leku freskoetan mantendu behar dira.
Bestalde, larrialdi kasuetan ahalik eta azkarren 112ra deitzeko gomendatzen du udalak. Baina profesionalak iritsi bitartean, biktika leku fresko batera eramateko, burua eta besapeak bustitako konpresa hotzekin estaltzeko eta bikarbonatua duen ur gatzatua edaten emateko gomendatzen dute.