Zurriola pasealekuko loreontziak margotu dituzte gazteek
Zurriola pasealekuan dauden hamabi loreontzi margotu ditu Doktora Zebra Kolektibo Artistikoak, Donostiako Udalaren laguntzarekin. Doktora Zebra kolektiboa Kontadoresen jaio zen, 2015ean. Sortu zenetik bere asmoa izan da hiri artearen inguruko eztabaida eta gogoeta eragitea, eta aztertzea herritarrek arte horren diseinuan duten partaidetza. Loreontzi proiektuaren bidez, espazio publikoko elementuak modu aktiboan diseinatzen parte hartu dute gazteek, gogoeta eginez, eta, bide batez, omenduz hiriko historiako beste artista batzuk.
Gazteengana iritsi nahi du Donostia Gazteria sailak: “Donostia Gazteriak Kontadores Gazte Zentroan jartzen du gazteekin harremana lantzeko bere fokua. Espazio hori erabiltzen du elkartzeko, harremanetarako eta sustapenerako. Han aukera dute 18 eta 30 urte arteko gazteek euren kultura kezkak gauzatu eta garatzeko, eta sorkuntza proiektuak partekatzeko”.