Martuteneko espetxea. (Argazkia: Ion Lopez)
Martuteneko kartzela botako dute, eta bere ordez ez dute besterik eraikiko. Asmoa da birgizarteratze zentro bat egitea. Horrela adostu dute Espainiako Gobernuko ordezkari Jesus Lozak eta Donostiako alkate orde Ernesto Gascok. Kontuak hala, etorkizunean Gipuzkoak ez luke espetxerik izango.
Komunikabide batzuetan ateratako albiste horretaz hitz egin du Eneko Goia alkateak: “Baliteke horrela izatea, baina oraindik ez dago irmoki itxita. Guk nahi nahi duguna da Martutenekoa ixtea. Duela urte batzuk baldintza gisa jarri ziguten hori ixteko beste bat egitea. Orain iritziz aldatu badute, beraien kontua izan da”.
Irailean Espainiako Gobernuarekin gaiaren inguruko beste bilera bat izango dutela azaldu du alkateak. “Diru aurrekontu bat bideratua zegoen kartzela berria egiteko, beraz, beste azpiegitura bat egin behar bada, diru hori erabili daiteke, merkeagoa izango baita gainera”, gehitu du Goiak. Espetxea ixtean, lehen eta bigarren graduko presoak Arabako Zaballa espetxera eramatea da asmoa; hirugarren graduan daudenek euren egokitzapena izan dezakete birgizarteratze gunean.