Aste Nagusiko segurtasun plangintza berezia lantzeko bilera egin dute. (Argazkia: Donostiako Udala)
Babes Zibileko Segurtasun Mahai Tekniko Iraunkorrak egin du Aste Nagusiko jarduera guztiak modu seguruan egin ahal izateko segurtasun plangintza berezia. Jaietan inplikatuta dauden eragile guztiak izan dira Segurtasun Mahai Iraunkorrean: Udaltzaingoa, Ertzaintza, Suhiltzaileak, Osakidetza, Babes Zibila, dBus, Mugikortasun saila, Itsas Kapitania eta Donostiako Festakeko kideak.
Segurtasun Mahaiaren koordinazio zentroa Garberako suhiltzaileen egoitzan dago, eta bertatik koordinatzen dira jarduera guztien segurtasun planak. Babes Zibilak azaldu duenez, jende asko biltzen duten jarduerei arreta berezia eskaintzen zaie, hala nola, su artifizialak, zezen suzkoa, abordaia eta Sagueseko kontzertuak. Jarduera horietan Udaltzaingoak eta Ertzaintzak segurtasuna indartuko dute.
Koordinazioaren garrantzia nabarmendu du Martin Ibabe Babes Zibileko zinegotziak, haren esanetan, era koordinatuan lan egiteak “uneoro alertan egoteko gaitasuna” ematen baitie. Bestalde, plangintza berezian parte hartzen duten zerbitzu guztiak koordinatzeko Aginte Postu Aurreratua gauero joango da su artifizialen gunera.
Segurtasun plangintzaren harira, edozein gertakari salatzeko kolaborazioa eskatu die hiritarrei Ibabek, eta garraio publikoa erabiltzera ere animatu ditu, jaietara joateko zein etxera itzultzeko.
Delinkuentzia behera
Segurtasunaren harira, beste bilera bat egin dute Eneko Goia alkateak, Josu Zubiaga Hiri Segurtasun kontseilariodeak, eta Martin Ibabe Babes Zibileko zinegotziak. Bertan, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak Aste Nagusian elkarlanean egingo duten plan berezia errepasatu dute.
Hiriko delinkuentzia datuak landu dituzte bilera horretan eta, parte hartzaileek adierazi dutenez, beherakada izan dute azken hiru hilabeteetan. Ildo beretik, 2017ko azken seihilekoarekin alderatuz, seihileko honetan delinkuentzia jaitsi dela adierazi dute. Bilakaera positibo hori mantentzeko, Aste Nagusian Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren presentzia handiagoa egongo dela azaldu du Ibabek.