Donostiako autobus turistikoa. (Argazkia: Irutxuloko Hitza)
Ostegunean, abuztuaren 30ean, agerraldia egin zuten Donostiako autobus turistikoko langileek, LAB sindikatuarekin batera, dituzten lan baldintza prekarioen berri emateko.
2013an, Donostia Turismoa S.A.-k argitaratutako pleguen bitartez, UTE Donostia City Tour enpresari esleitu zitzaion hiriko autobus turistikoaren kudeaketa. LAB-ek adierazitakoaren arabera, enpresa horrek irregulartasun ugari egin ditu azken urteetan eta “oso larritzat” dute egoera, izan ere, udalak azpikontratatutako enpresa izanik, diru publikoarekin finantzatua da.
Era berean, agerraldian, enpresak egin dituen irregulartasun berri eman zuten: langileei komunikatu gabe egiten diren behin behineko kontratuen etengabeko luzapenak, WhatsApp bidez eta oso epe motzean komunikatutako ordu aldaketak, telefono mugikorra gidatu bitartean erabiltzeko obligazioa, ordaindu gabeko aparteko lan orduak, autobusen egoera mekaniko txarra, eta abar.
Sindikatuak azaldutakoaren arabera, lan-ikuskaritzan salaketa jarri zuten atzo eta Eneko Goia Donostiako alkatearekin, Donostia Turismoarekin eta enpresarekin bilerak egiteko eskaera erregistratu zuten.
Irailaren 10ean erantzunik jaso ezean, grebara joko dutela azaldu zuten.