(Argazkia: Donostiako Udala)
Donostiako Etxegintzak babes ofizialeko bost etxebizitzen maizterrei zigor espedientea ireki die. Enrique Ramos Hirigintza eta Etxebizitzako zinegotziak jakinarazi duenez, bost etxe horiek alokairuan edo pisu turistiko gisara eskaini dituzte Interneteko hainbat gunetan. “Isuna 20.000 euro artekoa izan daiteke, eta gutxieneko zigorra 3.000 eurokoa da”, azaldu du Ramosek.
Horrelako etxebizitzak aipaturiko helburuetarako erabiltzea arau hauste larria da Eusko Jaurlaritzak 2015eko ekainaren 26an onartutako Etxebizitza Legeko 84. artikuluaren arabera. Horren aurrean, Etxegintza da espedientea irekitzen duena. “Behin arau haustea frogatuta, isuna jartzeaz gain, alokairu kontratu haustea leporatuta, kontratu hura iraungiarazteko prozedura hasi eta etxebizitza ahalik eta azkarren berreskuratzeari ekiten dio erakundeak”, esan du Ramosek.
Turismo ataririk ezagunenak ikuskatzen ditu Etxegintzak, besteak beste. Dena dela, auzokoen salaketen bidez jakiten dute gehien arau hausterik baden, Etxebizitza zinegotziak azpimarratu duenez.