Bera Berako errugbi taldeko kideak. (Argazkia: Bera Bera)
Bera Berako errugbi atalak jokalariak behar ditu emakumeen taldea indartzeko. Talde berria sortu zenetik hirugarren denboraldia izango da aurtengoa, eta jokalariek deialdi berezia egin dute: “Gutako gehienak beste kirol batetik iritsi gara errugbira. Kirolzaleak nahi ditugu, kirolaz disfrutatzen duena, dena eman, kamiseta izerdiz eta lokatzez blai egiteko prest dagoena, baina batez ere dibertitzera datorren edonor”. Gorpuzkerari ere garrantziari kendu diote: “Jokalari batzuk pisutsuak dira, beste batzuk azkarragoak, bakoitzaren tokia topatu besterik ez da egin behar. Onena probatzera etortzea”.
Abuztuaren 21ean itzuli ziren taldekideak Puioko zelaira, denboraldi aurreari ekiteko. Lalo eta Ubi izango dira taldeko entrenatzaileak, eta ordutegi honetan entrenatuko dute: astearte eta ostegunetan, 19:00etatik 20:45era, eta astelehenetan, gimnasioko saioa, Manteo kiroldegian.