Kanpandegi kaleko Kaialde ikastolako eraikina. (Argazkia: Irati Salsamendi)
Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak eskaera egin dio Donostiako Udalari, auzo bizitzarako baliabideak eman ditzan. Gogoratu dute joan den larunbatean gazte batzuek Kaialde eraikin hutsa okupatu zutela, auzoko gaztetxea izateko asmoarekin: “Gertaera horrek agerian uzten du, berriz ere, auzoan dugu gune, espazio eta ekipamenduen gabezia”. Gainera, oroitu dute, aurretik ere eraikin hori lortzeko saiakera egin zutela auzotarrek: “Kaialdeko eraikinean bertan duela lau urte Auzo Etxea eraikitzeko proiektua abian jarri zen”.
Parte Zaharrean Bizi auzo elkartearen adierazpena:
Joan zen larunbatean auzoko gazteak Kaialde eraikin hutsean (Orixe ikastola egon zen tokian) sartu ziren, eta Parte Zaharreko Gaztetxea eratzeari ekin zioten.
Gertaera horrek agerian jartzen du, berriz ere, auzoan dugun gune, espazio eta ekipamenduen gabezia auzo-bizitza eta ekimenak garatzeko. Parte Zaharrean ez dugu auzotarrak elkartzeko eta jarduerak garatzeko ekipamendu publikorik: ez gazteentzako, ez gaztetxoentzako, ez haurrentzako, ez helduentzako… Bilgune bat bera ere ez.
Auzo elkartea sortu zenetik, behin eta berriz eskatu dio udalari gabezi hori konpontzeko neurriak har ditzan (aurretik beste zenbait eragilek ere bide berean aritu ziren), zenbait saiakera izan badira ere, egun ez dugu inolako bilgunerik. Bitartean auzoan dauden eraikin publiko asko hutsik egon dira (Kaialde eraikina bera, Santa Teresa eraikina…), edo esku pribatuetara pasa edo pasako dira (La Salako plazako eraikina, Arrandegia eraikinaren zati handi bat…).
Kaialdeko eraikinean bertan duela lau urte Auzo Etxea eraikitzeko proiektua abian jarri zen: Udal Gobernuak ekimena hartu zuen, Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak (garai hartan eraikina erabiltzeko lagapena zuena) eraikina udalari itzultzeko prest zegoen, auzo elkarteak auzotarron parte hartze prozesua abian jarri zuen egitasmoa definitzen joateko… Baina, dena bertan behera gelditu zen, udalbatzan oposizioko taldeek kontra egin baitzuten (EAJ, PSE eta PP). Arrazoia: Lanbide Heziketako ikastetxe bat egiteko erabiliko zela. Egitasmo horretaz, ordea, ez da berriz ere ezer entzun, eta beste lau urte luzez jarraitu eraikinak hutsik. Eta auzotarron beharrak ase gabe.
Gauzak horrela, orain, udal gobernuari proposatzen diogu lan-mahai bat osatu dezan ahalik eta azkarren, non auzoko eragile eta udal teknikari eta arduradunak elkartuko garen auzotarron ekipamendu beharrei irtenbideak behingoz bilatzeko. Eta bitartean, Gaztetxea eraikitzeko proiektuan diharduten gazteengana hurbildu, haiekin elkartu eta hizketan has dadin.