Eraso sexisten aurkako protokolo berria prestatu dute Porrontxo jaietarako
Erasoen aurkako emakumeen brigadak eta Porrontxo jaietako kuadrillek eraso sexisten aurka egin duten lanketa aurkeztu dute jendaurrean. Auzotik eta auzoarentzat egiten diren jaiak denen gozamenerako direla, baina tamalez bizi duten errealitatea beste bat dela salatu dute: “Nazkatuta gaude egunerokoan jasan behar ditugun erasoetaz, eta are gehiago jaietan sufritu behar ditugun egoeretaz”. Horregatik, jai giroan gertatzen diren erasoei erantzun sendo eta kolektibo bat eman nahi diete, eta horretarako sortu dute protokolo berri bat. Egiako neska gazte talde batek hartu du aurretik eginda zegoen lanketa berritzeko ardura, eta protokoloa landu dute auzoaren beharretara egokitzeko. Argi zuten emakumeek protagonista izan behar zutela, eta horrela sortu dute emakumeen brigada: “Bizipenak partekatu, gure artean saretu, babestu eta gune erosoak eta seguruak sortzea izan da helburua”.
Brigadakide guztiek identifikagarri zuri bat eramango dute soinean, eta eraso bat sufritzen duten emakume guztiei laguntzeko prest egongo dira. Gainera, telefonoz – 646532310- hogeita lau orduko zerbitzua emango dute edozein eraso salatu ahal izateko.