'Zurriolako Butaka' saioa gomendatu dute aktore eta zinemagileek
Donostiako Zinemaldiarekin batera bueltan izango da Zurriolako Butaka telebista saioa, zazpigarren urtez. Hilaren 21etik aurrera, euskarazko zinema saioarekin bat egingo du IRUTXULOKO HITZAk euskarazko beste hainbat hedabiderekin elkarlanean: Berria, Gaztezulo, Hamaika Telebista eta Zinea.
Euskal zinemako hainbat sortzailek programa ikustera animatu dituzte herritarrak. Klara Badiolak, Itziar Ituñok, Joseba Usabiagak, Josean Bengoetxeak, Jon Garañok, Ximun Fuchsek, Katti Pocheluk, Koldo Almandozek, Jorge Gilek eta Maider Fernandezek saioa babestu dute.
Saioa IRUTXULOKO HITZAren webgunean ikusi ahal izango da egunero, Zinemaldiak irauten duen egunetan. Egunero ariko dira Kursaaletik elkarrizketak egiten, eta, urtero bezala, euskarazko filmek eta dokumentalek hartuko dute protagonismoa.
Zurriolako Butaka saioaren xehetasun gehiago, datorren astelehenean. Izan ere, programan parte hartzen duten komunikabideek prentsaurrekoa emango dute berrikuntzak aurkezteko.