Bizitza Da Handiena epaitzeko bi auzietako bat bertan behera geratu da
Borroka Sozialen Astean zehar atxilotu eta identifikatutako herritarrak datozen asteetan bi auzi desberdinetan epaituko zituztela jakinarazi zuen atzo, baina epaileak horietako bat bertan behera utzi duela adierazi dute gaur bere kideek.
Bizitza Da Handiena (BDH) herri mugimenduak maiatzeko Hain zuzen, bi epaiketa desberdin izango zirela iragarri zuten: bat Tabakalera kanpoaldean egin zituzten atxiloketengatik, eta bestea, 15 urtez hutsik izan zen eraikinaren okupazioagatik. Bigarren auzi horretan eragile sozialen defentsa lanak egiten dituen Haizea Nuñez abokatua ere inputatu zutela salatu zuten BDHko kideek, “epailearen erabakia eskubide unibertsalen urraketa larria” dela adieraziz.
Orain, ordea, epaileak auzia momentuz bertan behera utziko duela jakin dute: “Astelehenean defentsa abokatua eta momentuz auzian inputatua dagoen Haizea Nuñezek jarduketak baliogabetzeko eskaera egin zion epaileari, baita modu subsidiarioan artxibatzeko ere. Gaur epaitegiak jakinarazi du defentsak egindako eskaerari ebazpen judiziala eman arte ez dela epaiketarik egingo”.
Gauzak horrela, abokatuaren kontrako inputazioa bertan behera gera daiteke hurrengo asteetan, baina Tabakaleran atxilotutako bi lagunen auziak aurrera egingo duela gogoratu dute BDHtik. Epaiketa irailaren 17an izango da, eta “protesta erabat baketsua eta legitimoa egitean atxilotu zituzten bi lagunei babesa adierazteko” elkarretaratzea egingo dute egunean bertan, 9:30ean, epaitegien aurrean.
Auzipetu guztiei babesa adierazteko elkartasun argazkia atera zuten ere atzo Tabakalera ondoko Nestor Basterretxea plazan, Borroka Sozialen Asteko bi atxiloketen leku berean. Bertan, bi mezu helarazi zituzten BDHko kideek: “Protesta sozial erabat zilegietan parte hartzeagatik epaitu nahi dituzten lagunei mezua: ZUEKIN GAUDE. ‘Euskal Erregimenari’ mezua: Egungo egoerarekin ez gaude inolaz ere ados. Gutako inor erasotzen baduzue, denok erasoko gaituzue. Herritarrok elkar defendatzen dugu.”