Ramon Agirre eta Pako Sagarzazu ‘Aupa, Etxebeste!’ (2005) filmean.
Irailaren 25ean Zinemira Saria jasoko du Ramon Agirre aktore donostiarrak. Zinean, antzerkian zein telebistan egindako ibilbide oparoa onartu eta eskertuko diote.
Antzerti aktore eskolan hasi zenetik, 80ko hamarkadatik, hamaika pertsonaiaren larruan sartu da
Ramon Agirre (Donostia, 1954). Ia berrogei urteko ibilbidearen aitortza gisa emango diote Zinemira Saria, Euskal Zinemaren Galan. Denboran atzera egin, eta zinema, antzerkia eta telebistaren abenturan bidaide izan dituen hainbat profesionali eskatu diegu Ramon Agirreren soslaia egiten laguntzeko.
Eneko Olasagastik nabarmendu du Agirrek beti sinistu duela aktore ofizioan:?«Antzerkiko garaietatik duen ezaugarrietako bat da, eta beti borrokatu du horren alde. Nik gogoratzen dut Antzertin gure eztabaida sasifilosofiko-pedagogikoak izaten genituenean, Ramonek beti gogoratzen zigula, ‘Bai baina babarrunak nondik ateratzen dira?’. Edo Bederen Bat taldea sortu genuenean, beti bera hor zegoen lelo horrekin. Eta uste dut denbora pasata lelo horri eutsi diola zintzo-zintzo, Ramon izan delako batez ere aktore».
Olasagastiren ustez, Agirrek erakutsi du posible dela aktore izatea Euskal Herrian, eta gainera, heldutasun batera iritsita:?«Orduan gazteak ginen baina ia berrogei urteko ziklo bat betetzen ari gara. Ramon bezalako aktoreak heldutasunera iristen ari dira, eta horrek dauka balioa gizarteari begira gure ofizioa duintzeko, eta batez ere gazteei begira. Orain badute ispilu bat, badaukate eredu bat norbaiti begiratzeko. Gainera,
xorro-xorro lan egin duen aktorea da. Ospea eta errekonozimendua denborarekin iritsi zaio, baina ez du arazorik izan edozein motako paperak egiteko». Ramonek aktore on eta jator baten inguruan eduki daitezkeen «topiko guztiak» betetzen dituela uste du:?«Aktore on bat, baina gertukoa. Hori da Ramon, Nahiz eta hor egon, gertukoa izaten jarraitzen du, zentzu guztietan».
Sariarengatik sekulako poza sentitu duela aitortu du:?«Berarekin batera jende asko sentitzen da saritua. Berak ere esan zuen bazegoela berak baino gehiago merezi duenik, eta ez dut uste hitz hutsak direnik horiek, benetan sentituak direla pentsatzen dut».
Aktore sinesgarria
Gertukoa dela askok errepikatu dute.
Olatz Beobidek esan du, hain zuzen, horregatik direla sinesgarriak bere pertsonaiak. «Apaiz bat, alkate bat, metalurgiak langile bat, osaba bat… Edozein pertsonaia egiten duela ere, sinistu egiten duzu. Gainera, irribarre bat pizten du ikusleengan, bereganatu egiten ditu, bere fisikoarengatik eta antzezteko moduarengatik».
Antzertin egon ziren elkarrekin, eta biak Parte Zaharrekoak direnez egunerokoan ere harremana izan dute:?«Bizilagunen mugimenduan ere parte hartu du Ramonek, eta hori ere nabarmenduko nuke, konpromiso handiko aktore eta pertsona da». Paper asko egin asko egin baditu ere, oraindik pertsonaia gehiago esploratu behar dituela uste du Beobidek:?«Paper asko ditu egiteko. Ez zaizkio eskaintzen. Bertolt Brecht-en
Borobila antzezlanean ikusi nuenean sentsazio hori izan nuen Ramonekin, ohiko roletatik harago egin dezakeela».
Klara Badiolak ere aspalditik ezagutzen du Agirre, eta askotan egin dute lan elkarrekin. Telebistan
Flamingo berria,
Balbemendi eta batez ere
Goenkale-n atal asko egin zituzten. Zineman,
Operacion Concha, eta azken urteetan
Mañana eta
For The Good Times. «Pertsona zoragarria da, eta lagun ona da. Oso erraza da berarekin lan egitea, beti umore onez eta laguntzeko prest. Gozamen hutsa da», esan du aktore donostiarrak.
‘For The Good Times’-en, hainbat euskal aktorez inguratuta.
Moriartiko etxekoek bidelagun izan dute hasieratik.
Jose Mari Goenagak,
Aitor Arregik eta
Jon Garañok gogora ekarri dute euren lehen film profesionalean parte hartu zuela,
Tercero B film laburrean. «16 orduz jarraian lan egin genuen filmatze prozesuko egun batean, eta Ramon ez zen kexatu», esan du Garañok.
Lucio dokumentalean ahotsa jarri zuen, nahiz eta jende asko ez konturatu. «Presentzia onaz gain ahots ederra du», gaineratu du Arregik. Azken filmean ere izan da Ramon Agirre,
Handia-n. Argi zuten berak egin behar zuela paper hori, castingik ere ez zioten egin.
Euren bizitzetan ere beti presente egon den pertsonatzat dute. Juanmi Gutierrezek zuzendu zuen
Bai Horixe telesailean gogoratzen dute hirurek. «Geroztik, ez da zahartu. Euskal Herriko Gene Hackman da», esan du Goenagak. «Jende askoren bizitzaren parte da. Guk txikitan
Bai Horixe-n, ikusten genuen. Orain nire ilobentzat ere idolo bat da,
Goazen-en ezagutu dutelako», jarraitu du Arregik.
Teknika finekoa
Koldo Almandozen ‘Deus et Machina’ (2012) film laburrean.
Koldo Almandoz zinemagileak
Oreina filmean egin du azken aldiz lan Agirrerekin. Aktore gisa «sekulako teknika» duela azpimarratu du:?«Txundituta geratzen naiz, harekin lan egiten duzunean edozer gauza eskatzen diozula. Eszena bat errepikatzeko eskatuta, gai da toki berean arnasteko eta mugimendu beretsuak egiteko. Eta hori izugarria da muntatzailearentzat eta zuzendariarentzat. Gainera, bada jarrera proaktibo bat duen aktorea. Beti du ideiaren bat, proposamenen bat. Eta nik asko eskertzen dut, normalean asmatzen duen horietakoa baita.
Almandozen ustez, Ramon Agirreren lanak esaten du dena aktoreaz. «Egin du lan Hanekerekin, Almodovarrekin, Moriartikoekin, Telmo Esnalekin, Asier Altunarekin… bere ibilbideak aktore gisa dena frogatzen du. Eta asko gustatzen badituelako bere proiektu horiek. Poltsiko antzerkia, berak antolatzen dituen obra horiek…
Todoterreno bat izateaz gain, antzerkia eta kultura oso modu popularrean eta herriari oso lotuta ulertzen duela eta, hori gaur egun eskertzekoa eta mirestekoa da».