Umorea, sabel dantza eta musika uztartzen dituen ikuskizuna
Aitor Nabarro eta Laura Suhai duela hiru urte hasi ziren elkarrekin emanaldiak egiten. Umorezko bakarrizketak eta sabel dantza uztartzen dituzte beraien ikuskizunetan, eta etengabe ari dira euren proposamena egokitzen eta aberasten. Horren emaitza da Biografia de un transeunte ikuskizuna. Bihar aurkeztuko dute Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan (20:00).
«Egunerokoan gauza asko gertatzen zaizkigu, eta askotan horien alde negatiboa ikusten dugu. Baina oso barregarriak dira, eta horri buruz hitz egitea gustuko dut», dio Nabarrok. Bera arduratuko da ikuskizuna aurkeztu eta bakarrizketen bidez ikuskizuna gidatzeaz. «Emanaldi berezia eta desberdina izango da». Umore eta dantza ikuskizunari musika gaineratuko diote.
Iñaki eta Beñat Revuelta anaiak izango dira biharko gonbidatu bereziak. Euskarazko pare bat kantu abestuko dituzte, eta Beñatek Maldita Evasion bere bakarkako lehen diskoko bi kantu joko ditu. Horrez gain, Iñakik Suhairekin batera kolaboratuko du performance bitxi batean. «Aurreskua eta sabel dantza uztartuko ditut. Iñaki arduratuko da aurreskuaren doinua kantatzeaz», azpimarratu du Suhaik.
Sabel dantza fusio gehiago izango ditu emanaldiak. «AC/DC taldearen eta Mozarten musikarekin ere uztartuko ditut, nahasketaren berezitasuna erakusteko», dio Suhaik. Normalean Nabarrorekin batera dantzatu izan ditu, baina oraingoan ez da horrela izango. «Bion arteko jolasa izan ohi da, baina koreografia horiekin ni ez naiz ausartuko», esan du Nabarrok.
Dagoeneko 100 emanaldi inguru egin dituzte elkarrekin, eta jarraitzeko asmoa dute. «Gu biok ez ezik, beste artista batzuk gonbidatu nahi ditugu ikuskizunera», adierazi dute biek. Hasiera batean, umorezko bakarrizketak egiten dituen Enrique Amilibiak parte hartu behar zuen Tabakalerako emanaldian. «Ez du etortzerik izango, baina seguru aurrerago elkarrekin ariko garela».