Markel Ormazabal eta Beñat Apalategi, Zinemaldi Alternatiboko antolatzaileak, Parte Zaharreko gaztetxearen aurrean. (Argazkia: Inaxio Esnaola)
Donostiako Zinemaldiak irudia aldatu duenez, gauza bera egin du Zinemaldi Alternatiboak. Irailaren 28 eta 29an izango da Antiguako Txantxarrekan eta Parte Zaharreko gaztetxean.
Bost gehi bost dira hamar. Parte Zaharrean abiatu zuten Zinemaldi Alternatiboa 2006an, eta jatorrira itzuliko da hamargarren ekitaldian. Irailaren 28an Antiguako?Txantxarreka gaztetxean migranteen aferaz hausnartuko dute. Hilaren 29an, berriz, Donostia eta inguruetako okupazio mugimenduaren historia errepasatuko dute Parte Zaharreko eraikin okupatuan.
Zinemaldi Alternatiboaz hitz egiterakoan Groseko Kortxoenea gaztetxea ezin da aipatu gabe utzi. Bigarren ekitaldia bertan egin zuten 2010ean, lau urteko etenaren ondoren. Eraitsi zuten arte zinema jaialdiaren topagunea izan zen. Ondorioz, leku berrietara jo behar izan zuten iaz, eta aurten bide berari eutsi diote. Beñat?Apalategi eta Markel Ormazabal arduratu dira hamargarren ekitaldia antolatzeaz.
«Gune autogestionatuetara joatea da gure joera; horiek dira gure espazio naturalak», azpimarratu du Apalategik. «Espazio horien erabilera egiten saiatu gara betidanik. Proiektu sozial eta autogestionatuen bozgorailu izan nahi dugu», gaineratu du Ormazabalek.
Aurtengo egitarauari dagokionez, bi gertaera garrantzitsuk bultzatuta antolatu dute. «Batetik, migranteen egoera eta Txantxarreka gaztetxeak hartu duen konpromisoa dugu. Bestetik, Parte Zaharrean horrelako eraikin bat okupatu izana», adierazi du Ormazabalek.
Bi gai eta bi gune
«Aurten zerbaitek sona izan badu, hori migranteen afera da. Oso lotua dago hiriko gune autogestionatu batekin», dio Ormazabalek. Azken orduko aldaketa bat dela eta, azkenik Ken Loach zuzendariaren
It’s a Free World filma eskainiko dute. «Txantxarrekan errefuxiatuak daudela aprobetxatuz, beraiekin ikusteko pelikula aproposagoa iruditu zaigu».
Donostia eta inguruetako okupazioaren eta gaztetxeen historia erakusteko gogotsu daude antolatzaileak. «Dagoeneko artxibo polita genuen, eta osatzeko aitzakia ona zela konturatu ginen», dio Apalategik. Hirian izan diren okupazio esperientzien irudi eta bideo ugari daude, eta horien bilduma ere eskainiko dute Parte Zaharreko gaztetxean.
Beste urte batzuetakoa baino egitarau laburragoa prestatu badute ere, hirugarren saio bat ere egingo dute. Urriaren 28an,
COPEL: una historia de rebeldia dokumentala proiektatuko dute, Kanpandegi kaleko eraikin okupatuan. «Kataluniako talde batek egin du, eta egun horietan Euskal Herrian izango dira aurkezten», esan du Ormazabalek.
Ramon Agirreri eskertza
Zinemira saria jasoko du Ramon Agirre aktore donostiarrak, eta Zinemaldi Alternatibora gonbidatu zuten 2011n. «Ramon Agirre zoriontzeko aprobetxatu nahi dugu. Santa Kruz apaizaren inguruko filma eman genuenean, Kortxoeneara etorri zen», esan du Apalategik. Ordea, ez da Zinemaldi Alternatibotik pasa den Zinemira saritu bakarra. «Iaz zendu zen Juanba Berasategi ere gurekin izan genuen
Kalabaza tripontzia filmaren proiekzioan».
Egitaraua
- Irailak 28. Txantxarreka. Ken Loach zinema zuzendariaren It’s a Free World filma eta solasaldia.
- Irailak 29. Parte Zaharreko gaztetxea. Donostiako okupazio eta gaztetxeak iruditan erakusketa, proiekzioa eta solasaldia.
- Urriak 28. Parte Zaharreko gaztetxea. COPEL: una historia de rebeldia y dignidad dokumentala eta solasaldia.