Irakurle estimatua, ongi etorri IRUTXULOKO HITZA berritura
Urrats berri eta garrantzitsu baten emaitza da eskuartean duzuna. Astekaria berritu dugu, orain arteko oinarriari eutsita. Donostiari begira sortu ginen, hazi gara eta begirada berbera mantenduko dugu aurrerantzean ere. Hiria talaiatik begiratzea baino nahiago dugu auzorik auzo eta kalerik kale ibiltzea. Bertatik bertara gertatzen dena jaso eta kontatu nahi dizugu, tokiko hedabidea garelako. Horra zer den gure Donostia.
Gogotsu gaude aldaketen aro berri honetan zurekin bat egiteko. Gure emaitza erakutsi nahi dizugu, bide berria elkarrekin egiteko. Formatua txikitu dugu, eta orrialde kopurua handitu. Atal eta eduki berriak ditugu, orain artekoaren osagarri aproposak izango direnak. Askotariko iritziak topatuko dituzu. Hirian zein auzoetan gertatzen denaren idatzizko kronika. Argazkiekin jantzitako erreportaje eta elkarrizketa mamitsuak. Pertsonaia ezagun eta ez horren ezagunen bizipen zein testigantzak. Seriotasuna, zintzotasuna eta baita umore pixka bat ere. Kolaboratzaile sare zabal baten ekarpen interesgarriak. Azken batean, gaurkotasuna patxadaz irakurtzeko aukera eskaini nahi dizugu.
Gure hedabidea babesten duzuenei eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu. Harpidedunei, sustatzaileei eta kolaboratzaileei esker egin dugu aurrera, eta eskainitako bultzadari jarraipena emateko prest gaude. Gure ahaleginarekin, ilusioarekin eta konpromisoarekin

