Ubik liburutegiko langileek egoera "jasangaitza" bizi dute
Tabakalerako Ubik sorkuntza liburutegiko hamahiru langileek bizi duten prekarietate egoera salatu dute: “Gure egoera jasangaitza da”. Lan baldintzak hobetzeko eskatu diote Tabakalerako administrazio kontseiluari, eta egoera aldatu ezean hainbat ekintza egingo dituztela iragarri dute.
Liburuzain gisara daude azpikontratatuta, baina eskaintzen duten zerbitzua ez da inolaz ere horretara mugatzen. IRUTXULOKO HITZAk Iñigorekin hitz egin du, langileen ordezkariarekin. “Zaila da azaltzea zein den gure lana, gauza asko egiten ditugulako. Bitartekariak gara”, azpimarratu du.
1.000 euro inguruko soldatak dituzte, asteburu eta jaiegunetan lan egiten dute –asteburuetako plusik ez dute kobratzen–, ordutegi eta antolaketa itogarriak dituzte, eta kontziliaziorako zailtasunak dituzte. Beraien egoera azaleratu ondoren, irtenbidea lortzeko itxaropena dute: “Gure ustez, gauzak ondo egiten ari gara. Gure baldintzak txarrak direla salatu dugu, eta gure inguruan jendea horretaz jabetu dela ikusi dugu”.
Ostiraleko astekarian bitartekarien errealitatea jasotzen duen erreportajea irakurri ahal izango da.