"Klubarekin zorretan nengoen"
(Argazkia: Estitxu Zabala) Haritz Illarramendi; Añorga Kirol eta Kultur Elkarteko presidentea.
Erronka berri bati aurre egingo dio Haritz Illarramendik; izan ere,Añorga Kirol eta Kultur Elkarteko presidente berria da, eta gogotsu hartu du postua, datozen lau urteetarako. Azpiegiturek berrikuntzak behar dituztela ikusi du momentuz, eta bakideei bultzada berezia eman nahi die, presentzia handiagoa izan dezaten.
Zein harreman izan duzu orain arte auzoarekin?
Añorgakoa naiz betidanik, aita ere bai, eta beti ibili izan naiz auzoan; ikastolan, kuadrillan, futbolean, dantza taldean… Askori gertatu zaien moduan, auzotik kanpo egokitu zait etxebizitza, eta orain Zubietan bizi naiz. Hala ere, beti mantendu dut harremana auzoarekin, lagunak hemen ditudalako, eta nire seme-alabek Amassorrain ikastolan ikasi dutelako; eta semeak oraindik hemen jarraitzen du futbolean.
Nolatan hartu duzu klubeko presidente izateko ardura?
Beti izan dut buruan azken urteetan zuzendaritzarena, klubarekin zorretan nengoen. Hemen inguruan ibili naiz beti, eta lagun batzuk sartuak egon izan dira zuzendaritzan, baina ni ez. Momentua iritsi da orain. Proposamena egin zidaten; seme-alabek 14 eta 16 urte dituzte, eta lanean ere nahiko ordutegi ona daukat. Buruan nuen, nire denbora libreagatik momentu egokia zelako, eta justu proposamena egin zidaten, beraz, denak bat egin du.
Zuzendaritza osoa berritu duzue?
Jende asko dago sartuta, eta nire lagun batzuk ere bai. Hemezortzi inguru gaude, eta gogotsu daudela iruditzen zait. Batzuek esperientzia dute; aurreko presidentea, esaterako, Agurtzane Manterola, orain diruzaina da, eta horrek lasaitasun handia ematen dit, orain artekoaren informazioa barruan dudalako. Berriak ere sartu dira, gazteak, eta aire berriak ere asko laguntzen du.
Talde handi bat gara, baina presidente naizen aldetik, taldea bultzatu behar dut, eta ez nago ohitua. Orduan, ikasten ari naiz, eta kontuak nola dauden aztertzen.
Zerekin topo egin duzu oraingoz?
Uste dut aurrekoek oso lan ona egin dutela, zentzu guztietan. Azken urteetan Añorgako paisaia asko aldatu da eta kluba hor barnean egon da: errepidea, bidegorria, frontoi berritua… Erronka izango da maila hori mantentzea.
Zein erronka dituzu eskuartean?
Neure burua eguneratu beharko dut. Ia 600 lagun mugitzen ditugu, eta bazkidetza landu nahi dut, horiek baitira klubaren oinarria; zaindu behar ditugu, eta gehiago lortu. Azpiegiturek ere berrikuntzen beharra dute, eta pilotako harrobia lantzeko ikastolarekin elkarlanean ari gara. Justu nik bukatuko dudan urtean ehun urte beteko ditu klubak, laugarren urtearen abuztuan. Beraz, nahi nuke ordurako dena ondo egotea, eta Añorgan merezi dugun festa antolatzea urte osoan. Dena ondo badoa, harro bukatzeko modu bat izango da.
Auzoko eragile nagusia da kluba, ezta?
Bai. Beste herri txiki askotan udala da erreferentea, eta hemen kluba da. Jende askok klubera jotzen du edozein arazoren aurrean.
Erabaki duzue nola antolatuko zareten?
Oraingoz ikusi dugu beharren arabera mugituko garela. Hamabost egunean behin elkartuko gara, baina hasieran beharrak handiagoak dira, denak eguneratu arte. Jakin nahi dut atal bakoitzean nola antolatzen diren, eta horrek denbora eskatuko dit. Hasi naizenetik ia egunero etorri naiz Añorgara, baina espero dut lasaiago ibiltzea.
Auzokoak hurbiltzen hasi zaizkizu?
Poliki-poliki hasi zaizkit hurbiltzen, bai, jakin dutela esanez. Askok zoriondu naute, eta laguntza ere eskaini didate, eta hori asko baloratzen dut.


