"Orgasmo bat izan zen iaz bizitakoa"
29. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea abiatuko da bihar. Zazpi egun dituzte aurretik generoaren zale fidel eta sutsuek. Karteleko protagonista da Itziar Castro (Bartzelona, 1977) aktorea. Frankenstein munstroaren neska-lagunaren azalean jarri da, eta gustuko du jaialdiak Mary Shelleyren ondarea azpimarratu izana. Gaur egun 'Operacion Triunfo' saioaren akademiako irakaslea da.
(Argazkia: Pedro Usabiaga) Beldurrezko astera etorriko zara?
Bai, urriaren 30ean Donostian izango naiz, Halloween bezperan. Operacion Triunfo saioarengatik libre dudan egun bakarra da, eta aukera ez dut galdu nahi. Karteleko protagonista izanik ezin nuen hutsik egin. Bestalde, azaroaren 1ean eskainiko duten Flotando film laburreko casting zuzendaria eta ekoizle elkartua naiz. Oso interesgarria da, eta publikoari gustatzea espero dut.
Frankenstein munstroaren neska lagun gisara gustura zaude?
Ikaragarri, indartsu eta eder ikusten dut neure burua kartelean. Talde zoragarri batekin lan egiteko zortea izan nuen. Batez ere, asko gustatu zait aurten Josemi Beltran eta bere taldeak harturiko erabakia. Emakume perfektua inperfektua dela erakutsi dute. Izan ere, emakume inperfektuak perfektuak gara.
Karteleko protagonista izatea proposatu zizutenean zer pentsatu zenuen?
Zirraragarria iruditu zitzaidan. Iaz lehen aldiz izan nintzen Beldurrezko astean eta primeran pasa nuen. Urtero etortzeko ahalegin berezia egingo nuela adierazi nuen. Nik esandakoa hitzez hitz hartu zuten antolatzaileek. Jaialdiaz eta publikoaz maitemindu nintzen, eta esango nuke beraiek ere nitaz maitemindu zirela. Maitasun harreman bat abiatu genuen eta kartelarekin formalizatu dugu.
Mary Shelley idazlearen eta Frankenstein obraren ondarearen jarraitzailea zara?
Pertsonaiaren hainbat bertsio ikusi ditut, baita antzerkian ere. Aurreko batean jakin nuen Electra dela neska lagunaren izena. Frankensteinen unibertsoa gero eta gehiago ezagutzen ari naiz. Gainera, gustuko dut emakume bat izatea pertsonaiaren sortzailea, eta bera da generoa sortu zuena.
Fantasiazko eta beldurrezko generoari dagokionez, zein film nabarmenduko zenituzke?
Asko dira gustuko ditudanak. Txikia nintzela gogoan dut Gremlins filmak beldur handia ematen zidala. Hazi ahala beldur hori galdu eta zoragarriak iruditzen zaizkit. Rec beldurrezko filmen saga aipatuko nuke, eta ez da hirugarrenean ni agertzen naizelako. Beldur psikologikoa nahiago dut odol festa baino. Adibidez, Los sin nombre filma azpimarratuko nuke. Noski, klasikoak ere ezin dira ahaztu, eta horien artetik Carrie eta The Shining aipatuko nituzke. Rec 3 filmean parte hartu nuen arte oso gaizki pasatzen nuen beldurrezko filmarekin. Ordutik aurrera primeran pasatzen dut jendea nola beldurtzen den ikusita.
Beldurrezko astearen giro ganberroa ezagutzen duzu. Iaz, ‘Matar a Dios’ filma eta ‘RIP’ laburra aurkeztu zenituen.
Orgasmo bat izan zen bizitakoa. Asko gozatu nuen bisitarekin. Donostiako publikoa onenetakoa da. Iruditzen zait film guztiak giro horrekin ikusi beharko liratekeela. Egia esan, publikoaren kritika eta oihu gehiago espero genituen, baina bi lanek harrera ona izan zuten. Gainera, RIP film labur onenaren saria jaso zuen. Bestalde, beste film batzuk ikusi eta giro ganberroarekin bat egin nuen. Nik ere garrasika eta komentarioak egiten bukatu nuen proiekzioetan. Primeran pasa nuen publikoaren artean.
‘Operacion Triunfo’ saioko akademian zabiltza interpretazioko irakasle gisara. Nola daramazu?
Hitz bakarrean laburbilduko dut: bizia. Horrelakoa ari da izaten esperientzia. Akademia barruan dena mila aldiz biderkatzen da, eta orduak hilabeteak dirudite. Astero ikuskizun berri bat prestatu behar dugu, eta denbora azkar pasatzen da. Kanpotik ikusten denak ez du zerikusirik barrukoarekin. Nire aurreikuspen guztiak bete ditu. Horrela ere, oso gustura nabil.
Beldurgarria izatera iritsi daiteke?
Beldurrezko astearekin alderatu beharko banu, antzekotasun bat aipatuko nuke. Jendeak denari buruz ematen du iritzia. Jaialdian publikoak dena komentatzen du, eta sare sozialetan Operacion Triunfo-ri buruz denetarik esaten dute. Are gehiago, telebista saioaz astakeria gehiago esaten dira.
Profesionalki garai ona bizi duzula uste duzu?
Pertsonalki ez dut bizitzarik. Ez dakit garai ona bizi dudan. Lanean etengabe ari zarenean ez duzu momentua gozatzeko modua topatzen. Goya sariekin gauza bera gertatu zitzaidan. Gehiago gozatzen duzu behin pasata eta denbora baten ondoren. Tsunami baten erdian aurkitzen naiz orain, eta zoragarria da olatuak surfeatzen ari naizelako. Gerora ikusiko dugu. Gozatu dudala esango dut hondartza batean botata nagoenean daikiri bat edaten.
Fantasiazko eta beldurrezko generoarekin loturiko proiekturik duzu?
Bai noski. Terror y Feria izeneko telesailean parte hartu berri dut. Los Javis bikoteak ekoiztu du Flooxer plataformarako. Beste proiektu batzuk ditut datorren urterako. Batez ere, nazioarte mailako bi. Horietako batek lotura estua du mundu mailako beldurrezko figura ezagun batekin. Baina ezin dut gehiago kontatu.
FANTASIAZKO ETA BELDURREZKO ZINEMAREN ASTEA
Noiz. Urriaren 27tik azaroaren 2ra bitarte izango da Beldurrezko astea. Zazpi eguneko egitarauak pizgarri ugari izango ditu: film luze eta laburrak, emanaldi bereziak, erakusketak, eta ohiko giro bihurria Antzoki Zaharrean.
Sail Ofiziala. 23 filmek osatuko dute. «Aurtengo uztako genero filmik onenak bildu ditugu», adierazi du Josemi Beltran zuzendariak. Overlord filmarekin hasiko da jaialdia.
Laburrak. 36 film labur proiektatuko dira, eta 16 ariko dira onenaren saria lortzeko lehian. Tartean da, Iban del Camporen Espedizio handia.
Bereziak. Zinemapelmak emanaldi berezia egingo dute azaroaren 1ean Viktoria Eugenia Klub aretoan. Plan 9 from Outer Space filma eskaini, eta haren gainetik hizketan ariko dira Maite Bidarte, Angel Aldarondo eta Mikel Pagadi.


