Babes Ofizialeko etxebizitzak igeldotarrentzat izateko sinadurak biltzen ari dira
Igeldoko Herri Kontseiluak sinadura bilketa bat abian jarri du Babes Ofizialeko etxebizitzak igeldotarrentzako izan daitezen. Etxebizitzak egin zirenean, horietatik 36 igeldotarrentzako izatea lortu zuen kontseiluak. “Gaur egun, ordea, jabe aldaketa dagoenean, Donostiako Udalak ez du onartzen baldintza hori; eta hori ezin dugu onartu”, adierazi dute.
Gaia aztertzen ari dira lanketa sakonagoa egiteko. Bitartean, Igeldoko leku desberdinetan sinatzeko aukera jarri dute. Hala nola, kultur etxeko bulegoan, Txapela tabernan, Mendizorrotz tabernan eta Calonge sagardotegian. Internet bidez ere sinatzeko aukera dute igeldotarrek, helbide honetan.
Dena dela, Herri Kontseiluak esan du hobe dela paperean sinatzea. Igeldotarren laguntza beharko dutela gaineratu dute, ahalik eta sinadura gehien lortzeko.