Patinete elektrikoak ugaritu dira Donostian
Espaloian eta bidegorrian lekua hartu dute erabilera pertsonaleko ibilgailu elektrikoek. Gero eta gehiago dira hirian ikusten diren patinete elektriko, segway, hoverboard eta antzeko gailuak. Aisialdirako sortu ziren, eta denborarekin garraio mota berri bat bihurtu da. Pertsonek lanera joateko eta hirian zehar mugitzeko erabiltzen dute. Erosoa, azkarra eta merkea da. Ahoz ahokoaren bidez hedatu da gizartean, eta probatzen duten askori ibilgailu aproposa iruditzen zaie.
Mugikortasun elektrikoaren fenomeno berri honek zirkulazio ordenantzak berritzeko beharra eragin du. Ez dute araudi propiorik eta beraien erabilera arautzeko eskatzen ari dira eragileak zein herritarrak. Donostiako Udaleko Mugikortasun Saila aurten hasi da aztertzen ordenantza egokitzeko aukera. 2006koa da indarrean dagoena.
Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkartearekin, Donostiako Bizikletaren Behatokiarekin, Pilar Arana Mugikortasun zinegotziarekin eta erabiltzaile batekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk.
Ostiraleko astekarian patinete elektrikoen eta antzeko gailuen inguruko erreportajea irakurri ahal izango da.