Txaka-tortilla ogitartekoa
OSAGAIAK
-Patatak.
-Arrautzak.
-Olioa.
-Txaka.
-Ogia.
PRESTAKETA
Juantxoko txaka-tortilla ogitarteko ezaguna prestatzea ez da gauza zaila, baina tabernakoa bezain goxoa geratzeko ezinbestekoak diren bi baldintza bete behar direla zehaztu du Agirrek: batetik, hemengo produktu freskoak erabiltzea, eta bestetik, prestaketa bera ondo zaintzea. Patatak frijituz eta arrautza irabiatuz hasiko gara. Bien nahasketarekin bi tortilla fin egingo ditugu ondoren. Aldi berean txaka prestatzen joango gara, etxeko mahonesarekin. Dena prest edukitzean, bi tortillak ogien tartean kokatuko ditugu, bien artean txaka ipiniaz. On egin!
Xabier Agirre. Juantxo taberna
«Juantxo donostiar guztien taberna da, mota guztietako herritarrak datozelako hona» Nola sortu zen Juantxo taberna? Taberna duela 90 urte baino gehiago sortu zen, baina garai horretan ez zen Juantxo izenaz ezagutzen. 1945ean jabe berriek erosi zuten, eta beraiek jarri zioten egungo izena. Gerora nire senide batzuk hasi ziren taberna kudeatzen, eta geroztik 38 urte igaro dira. Ni duela bost bat urte hasi nintzen hemen lanean, barran, eta 2017ko urtarriletik ari naiz kudeatzaile gisa. Taberna gutxik saltzen dituzte horrenbeste ogitarteko. Egun arrunt batean, zenbat egin ditzakezue? Eguneko 250 ogitarteko inguru saldu ohi ditugu normalean. Aste Nagusikoak bezalako egun puntualetan, ordea, 2.000 ogitarteko baino gehiago egin izan ditugu. Zuen leloak dioen bezala, beti «bat gehigo», ezta? Sukaldea tabernaren beheko aldean daukagu, eta interfonoaren bitartez komunikatzen gara. Bokata berri bat eskatzen diguten aldiro esaldi horrekin bidaltzen diogu eskaria sukaldariari. Eta nire familia Ataungoa denez, euskalki horretan mantendu da. Taberna patata tortillagatik da ezaguna. Zergatik? Ez du sekretu berezirik. Produktu naturalak erabiltzen ditugu, prestakuntza asko zainduz, besterik gabe. Hemengo produktuekin lan egiten saiatzen gara. Ogia, adibidez, auzoko Galparsoro okindegian erosten dugu. Zerk egiten du berezi Juantxo? Donostiar guztien taberna dela esango nuke, hona mota guztietako herritarrak datozelako. Gainera, auzoko bizitzan parte hartzen saiatzen gara. Donostiako zein jatetxe edo taberna gomendatuko zenuke? Gandarias jatetxea nire senideek kudeatzen dute, eta esan beharra daukat oso ondo jaten dela. Ibaetako Aratz eta Teresatxo ere asko atsegin ditut, Amarako Casa Maruxa bezala.



