Polloeko bisita gidatuek arrakasta handia izan dute
Donostiako pertsonaia ezagun askoren hilarriak topa daitezke Polloen, baita ezkutuko istorio asko ere. (Argazkia: Estitxu Zabala) Kanposantuak gordeak ditu bere barnean hiriaren historia, kultura eta bitxikeria ugari; antolatutako irteera guztietako taldeak bete direnez, gehiago egingo dituzte.

Donostiako pertsonaia ezagun askoren hilarriak topa daitezke Polloen, baita ezkutuko istorio asko ere. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Egun tristeren batean ez bada, ez da ohikoa izaten kanposantuak bisitatzea. Izan ere, hildakoak agurtzerakoan baino ez dira joaten normalean herritarrak hilerrietara. Atzo, adibidez, azaroaren 1a izanik, askok aukeratu zuten eguna hildako senitarteko eta lagunen hilarriak txukundu eta bisitatzeko. Edonola, Polloeko kanposantuak badu berezitasun nabarmen bat: Egiatik Intxaurrondorako azken aldapa oinez zeharkatzeko aukera azkarra ematen duela. Horrela bada, inguru horretan bizi, lan edo ikasten duten askorentzat eguneroko ohiko pasabidea da.
Orain, aukera zabaldu dute Polloe beste era batera bisitatzeko;?kanposantuak gordetzen duen historia eta istorioak ezagutzeko, doako euskarazko bisita gidatuen bidez. Hain zuzen, Polloeko arduradunek beraiek bultzatuta, irailean hasi ziren bisita gidatuak egiten, hilabetean behin. Momentuz bi bisita egin dituzte, eta arrakasta handia izan dute. Beste bi egitekoak dira, azaroan eta abenduan, eta bi taldeak beteak daude. Beraz, asmoa dute 2019an ere bisitekin jarraitzeko, eta gaztelaniaz ere egin nahi dituzte.
Igeldoko Leonor de Landiak Oh My Walk! enpresa sortu zuen duela urte batzuk, ibilaldi tematiko kulturalak eskainiz. Ibilaldietako bat Polloen eskaintzen zuten, eta oso harrera ona izan zuela dio. Orain, Polloerekin elkarlanean ari dira egiten bisitak, eta oso pozik dago. «Bitxikeria zaleak gara Oh May Walk!-en, eta ikusi genuen Polloek Donostiako historiaren zati handi bat ezkutatzen zuela». Horrela, aurten Polloerekin elkarlanean ari dira, eta hiru ataletan banatzen dituzte bisitak: Polloeri buruzko jakingarriak (noiz eraiki zuten, nola hedatu den, zein zati dituen…), bitxikeriak (hildakoen inguruko sinbologia, aingeruak, gurutzeak…), eta Donostiako historia. «Polloen daude lurperatuak hiriaren historian garrantzitsuak izan diren pertsonak. Euren hilobiak bisitatzen ditugu eta aitzakia horrekin pertsonaia gogoratzeaz gain, bere garaia eta eragindakoa gogoratzen ditugu».
Gehiago jakiteko gogoz
Orain arteko bisitetan adin askotako eta interes anitzetako herritarrek parte hartu dute. Donostiarrak dira bisitari gehienak: «Berezko kuriosoak dira asko, baita Egiakoak bertakoak ere, eta historiazaleak. Guztiak ausartak, noski, hemen heriotza baitugu presente izkin guztietan». Hain justu, horrela irakur daiteke sarrerako atearen goialdean: «Laster esango da zuengatik, esan oi dana orain gu gatik: ill ziran».
Hamar edo asko jota hamabost laguneko taldeak egiten dituzte bisitetarako:?«Leku lasai bat da, eta ezin gara talde handi batekin ibili. Gainera, gure bisitak kulturalak dira eta gertutasuna eskatzen dute, jendea gustura egon dadin eta komunikazioa erraza izan dadin. Ez daude haurrentzako bereziki pentsatuak, baina ikusteko asko dutenez, entretenituak egoten dira».
Bisitetan parte hartzen dutenek esperientzia ederra bizitzen dutela dio De Landiak: «Hemen topatzen dituzte sentipen desberdinak, pertsonaia ezagunak edo garrantzia izan zutenak… ordu eta erdiko bisitak dira, eta oso azkar pasatzen dira, izkin guztietan zerbait topatzen dugulako. Hilerriek gordetzen dituzte historia eta istorio asko». Bisita bakoitza desberdina izaten dela dio De Landiak, galdera desberdinak egiten baitizkiote; baina guztietan prozesu bera errepikatzen dela azaldu du: «Hasieran ez daude ziur ikusiko dutenaz, eta bukaerarako gehiago jakiteko gogoz geratzen dira».
Bisiten helburua da kanposatua herritarrengana hurbiltzea: «Bisitekin lortzen dugu ikustea Polloe ez dela bakarrik hilerri bat, kalean dagoen museo bat baizik. Gainera, arte, arkitektura eta historia mailan duen aberastasuna ikusarazten dugu». Horrela, bultzada bereziki Polloerentzat berarentzat dela uste dute, lortzen baitute era entretenigarri batean bisitatzea. Horrela bada, helburua lortzen ari direla uste du Gorka Ruedak, Polloeko kudeatzaileak: «Jaso berri dugu, esaterako, eskaera bat Lezoko ikastola batetik, bisita bat egitera etorri nahi dutela esanez, eurek prestatutako materialarekin». Gerturatzeaz gain, errespetuz jokatzea ere bultzatu nahi du Ruedak: «Arazoak izan ditugu, margoketak edo gauzak puskatzea, eta halakoak ez errepikatzea lortu nahi dugu».

