'Ahotsak.eus' atariak jasoko du aurtengo Abbadia saria
Ahotsak.eus webguneari emango dio Gipuzkoako Foru Aldundiak. 2000. urtean sortutako atariaren helburu nagusia da ahozko ondarea eta herri hizkerak bildu eta hedatzea. Epaimahaiak aho batez hartu du erabakia, Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak jakitera eman duenez.
Atariak egindako lana eta ekarpena azpimarratu dute epaimahaiko kideek. “Euskararen lurralde guztietako eta euskalki guztietako ahozko testigantzak sarean etengabe jaso eta eskumen librean jartzeagatik”. Epaimahaia sei kidek osatu dute: Iban Arantzabal, Maite Artola, Jone M.Hernandez, Arantza Urretabizkaia eta Ibon Sarasola –iazko saritua–.
Urtero bezala, artista gazte bat izango da Abbadia sariari lotutako oroigarriaren egilea. Oraingoan, Arrate Rodriguez artista errenteriarra aukeratu dute, eta berak egindako artelan bat jasoko du Ahotsak.eus atariak.
Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian jasoko du Ahotsak.eus webguneak Abbadia saria. Ekitaldia, azaroaren 30ean izango da 19:00etan foru jauregian.
Anton Abbadia saria Gipuzkoako Foru Aldundiak sortua da 1996an, euskararen normalizazioaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna saritzeko. “Urtero, euskalgintzan ari direnen harremanak sendotu eta gogoberritu nahi genituzke sari ematearen inguruan, giro hurbil, bero eta alaian”, azaldu du Mendizabalek.
Aurtengo Abbadia saria