Rekalde tabernako istorioak kontatzen hasi dira
Ez dute taberna isilpean itxi nahi; Parte Zaharreko taberna honetako istorioak zabaldu nahi dituzte. Jabeak, Agus Rodriguezek, beste hainbat lagunekin batera, ‘Rekaldeko historiak’ sortu du. Eneko Olasagasti gidoigile eta zuzendaria izan du lagun, eta berak ere azaldu du zergatik egin dituzten bideo hauek: “Ukitzen gaituen istorio bat kontatzen ari gara, lekukotasun bat biltzen. Itxi dadila Rekalde, baina ez dadila isilpean izan. Jendeak jakin dezala nolako taberna izan den”. Sare sozialen bidez zabalduko dituzte bideo hauek, eta gaur plazaratu dute lehenengoa. Agus Rodriguezek kontatzen du nola jabetu zen ezin izango zuela tabernarekin aurrera jarraitu.
Parte Zaharreko Rekalde taberna itxi egingo dute abenduan. Aldamar kaleko eraikinaren jabeak saldu egin du, eta beraz, bertako bizilagunak kanporatu egin dituzte. Agus Rodriguez da tabernako arduraduna, eta Irutxuloko Hitzan adierazi du Parte Zaharretik joatera behartu dituztela: “Parte Zaharreko taberna guztiak negozio huts gisa nahi dituzte eta Rekalde negozio bat bada ere, ez da hori bakarrik, elkargune bat ere bada. Huskeria bat ematen du baina nik uste dut auzoan nabarituko dela Rekalderen falta”.