Subiranisten artean lortutako akordioa beste eremu batzuetara zabaltzearen alde egin du EAk
Eusko Alkartasunako Batzorde Eragileak eskerrak eman nahi dizkie Donostia Galdeketa, Gure Esku Dago herri-ekimena eta boluntario moduan lan egin duen pertsona orori, gizarte demokratiko eta askeago bat lortzeko egindako lanagatik.
Eusko Alkartasunak, atzoko egunaren ostean, hilabeteetan zehar luzatu den lan serioan oinarritutako eta hedapen zabala izan duen ekitaldi hau antolatzeko donostiarrek duten gaitasuna erakutsi dela azpimarratu nahi du. Gure antolakuntzaren ustez, garrantzia berezia dute galdeketa ospatzeko xedez subiranista ezberdinen artean lortu diren sinergia eta akordioek eta, horregatik, dinamika eta konfiantza horiek beste arloetara zabaltzearen alde egiten du, hiritarren mesederako.
Autodeterminazio eskubidea egikaritzea funtsezko eskubidea da eta Euskal Herriak herri modura burutu behar du egikaritza hori. Horretarako, Eusko Alkartasunako Batzorde Eragileak lanean jarraituko du, erabakitze-eskubidearen inguruko eztabaida arlo sozial gehiagotara iritsi dadin, ahalik eta jende gehien eztabaida horretara hurbil dadin, demokrazia erabiliz.
Donostian botoa eman duten 21.000 pertsonari Euskal Herriko gainerako galdeketetan parte hartu duen oro gehituz gero, guztira 217.795 pertsonak parte har dutela ikus dezakegu. Munta handiko kopurua da hori, zalantzarik gabe, gizartetik sortu eta loteslea ez den dinamika bati buruz ari garenean. Kopuru hori, gainera, haziz joango da, herri- galdeketa gehiago egin ahala.
Galdeketa hau ibilibide luze batean eman beharreko pausu bat izan da. Eusko Alkartasunak erabakitzearen alde egiten du, hobeto bizitzeko erabakitearen alde, eta oinarrizko xede hau erdiesteko lan egiten duen pertsona orori babesa adierazten dio, beti ere bide demokratikoak bakarrik erabiltzen badira.



