Prest daude Euskaraldirako
Iritsi da askok jakinminez itxaron duten momentua. Hasi da hamaika egunez hiria euskarazko hitzez beteko duen ariketa soziala, Euskaraldia, hain zuzen. Aurreko hilabeteetan, asko izan dira modu batera edo bestera egun hauetarako prestaketan murgilduta egon diren herritarrak, eta jada, prest daude Euskaraldirako, donostiarrak barne.
Euskaraldiaren helburua da euskara gehiago hitz egitea eta ikusaraztea egunerokoan ditugun inertziak edo hizkuntza ohiturak aldatzea posible dela. Horretarako, Euskal Herriko herri eta hiriak ahobiziz eta belarriprestez josita egongo dira hamaika egunez. Donostian, Euskaraldia antolatzeko talde motorrean egon da Bagera elkartea, eta hango langile da Idoia Trenor. Bere arabera, euskararen erabilerarekiko kontzientzietan «txip aldaketa bat» eragitea da Euskaraldia ariketa sozialaren asmoa.
Datuen arabera, gure hirian %16k erabiltzen du euskara kalean, baina ulermena, aldiz, %66koa da. «Esaten da Donostian lehenengo hitza beti euskaraz egingo bagenu, euskararen erabilera hirukoiztuko litzakeela», dio Trenorrek. «Beraz, nire ilusioa ahobizi eta belarriprest asko lortzea da, euskararen erabilera hirukoizteko, hain zuzen», gaineratu du. Bagerakoak adierazi du Donostian 14.000 pertsonak eman dutela izena oraingoz, eta Euskal Herrian, berriz, 60.000tik gora. Euskaraldia abian dagoen arren, izena emateko eta txapa lortzeko aukera datozen hamaika egunetan zehar irekita egongo dela jakinarazi dute antolatzaileek.
Ahalduntze prozesua
Antolatzaileek abiapuntu gisa ikusten dute Euskaraldia, izan ere, hizkuntza ohiturak eta pertsonen arteko inertziak aldarazteko aukera bat da. Horretarako, lehen pausoa kontzientzia hartzea dela baieztatu du Elhuyar Aholkularitzako langilea den Helene Armentiak. Bagerarekin eta Donostiako Udalarekin batera, Euskaraldiari forma ematen ibili da Armentia, eta azaldu du egindako lehen lana komunikazio aldetik Euskaraldia nola jorratu lantzea, nondik nora jo behar zuten pentsatu eta sustatzaileekin harremanetan jartzea izan zela. Azken asteetan, Eukaraldian parte hartzeko trebakuntza saioak ematen ibili da buru-belarri, eta izandako erantzunarekin pozik agertu da.
Oinarri teorikoak
Euskaraldia prozesu gisa ikusten du Armentiak, eta horregatik, aurreko lanketaren garrantzia nabarmendu du:?«Alde batetik, konturatu ginen jendeak ez zuela oso ondo ulertzen Euskaraldia zertan datzan, eta horregatik, trebakuntza saioetan hori argitzea izan da lehen puntua». Trebakuntza saio desberdinak egin dituzte, herritarrentzat saio arinak eta trinkoak eta hezkuntza zentroetako saioak, esaterako.
Saio horietan, aipatu bezala, Euskaraldia zertan datzan esplikatzeaz gain, euskararen erabileraren inguruko oinarri teoriko batzuk erakutsi dituzte. Armentiaren ustez, ezagutza teoriko horien berri izateak «euskaldun askok dugun erru sentsazioa» gainetik kentzeko balio izan die saioetan parte hartu dutenei. Era berean, gaineratu du gure inguruan asko errepikatzen den joera bati buelta eman nahi izan diotela, errespetuagatik besteengana gaztelaniaz zuzentzeko joerari, alegia: «Uste dugu euskaraz egiteagatik gaztelaniaz ari direnak estualdi batean jarriko ditugula, baina ez dugu pentsatzen haiek ez dutela izaten inongo erru sentimendurik euskara ez jakiteagatik».
Horrela, asertibotasun linguistikoa deritzona landu dutela adierazi du Elhuyarrekoak, hau da, euskaraz lasai eta seguru hitz egiteko ahalmena:?«Ez diogu inori kalterik egiten lehen hitza euskaraz egiteagatik, baina asko kostatzen zaigu hori barneratzea».
Lehen hitza, euskaraz
Oinarri teorikoak lantzean hainbat baliabide linguistiko erabili dituzte, esaterako, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik egin zuen koadro bat. Horrek, lehen hitza euskaraz egitean zabaltzen diren aukera guztiak azaltzen ditu, eta parte hartzaileek horren berri izatean oso harrituta gelditu zirela azaldu du Armentiak.
Trebakuntza saioetan parte hartu duten pertsona askok euskara maila baxua dutela azaldu du Armentiak, eta kontatu du ilusioz bizi dutela Euskaraldia. Izan ere, kexu dira euskara ondo menperatzen duten pertsonek ez dietelako euskaraz hitz egiten. Itxaropentsu daude belarriprest rolak hori saihesteko aukera emango dielako:?«Euskaraz ondo ez dakitenak egoera deseroso batean jartzeko beldurrez, askotan jotzen dugu gaztelaniara ondo dakigunok. Gure konplexuak gainetik kendu eta hori saihesten saiatu behar gara Euskaraldian».
Euskaraldiak herritarrak euskararen erabileran ahalduntzea du helburu, eta horretarako izan dira ere aurretik egin dituzten saioak. Gainera, Euskaraldia euskararen erabileraren gaia esplizitatzeko oso baliagarria izango dela aitortu du Armentiak. Horretarako, txapen ikusgarritasunak duen ahalmenaren inguruan hitz egin du: «Txapa soinean eramatea pertsona horrekin euskaraz egiteko gonbidapen zuzena izango da, baina baita gaiari buruz hitz egiteko aitzakia ere. Horrek kontzientzia hartu eta txip aldaketa egiteko balioko du».
Egoera deserosoak
Oinarri teorikoak landu ondoren, Euskaraldian suertatu daitezkeen egoerak landu dituzte prestakuntza saioetan, eta parte hartzaile bakoitzak bere roletik (ahobizi ala belarriprest) izan ditzakeen jarrerak antzeztu dituzte. Kolektiboki Euskaraldirako baliabideak garatu dituzte, eta Armentiaren ustez, saioek gertatu daitezkeen egoera hipotetikoen aurrean ahalduntzeko balio izan dute.
Saioetan parte hartu duen jendearen kezka bat izan da Euskaraldian suertatu daitezkeen egoera deserosoei aurre egiteko gaitasunik ez izatea. «Guk kasu horietan lasaitasunez eta pazientziaz jokatzea gomendatzen dugu. Euskaraz hitz egitean inori errespetua galtzen ari ez garelako ideia indartzen saiatu gara», esan du Armentiak.
Irribarre egiteak ere asko laguntzen duela uste du, beste pertsonaren jarrera oldarkorra desaktibatzeko. Hala ere, egoera horiei beldur handia diegun arren, uste duguna baino gutxiago gertatzen direla uste du.
Hezkuntza zentroek ere berebiziko garrantzia izango dute Euskaraldian, eta trebakuntza saioak egin dituzte hiriko hainbat eskola eta unibertsitatetan. 16 urtetik beherakoek Euskaraldian zuzenean parte hartzeko aukerarik izango ez duten arren, egitasmoarekin lotutako jarduerak egingo dituzte. Gainera, eskola askok gurasoen izena ematea sustatu dute.
Euskaraldi kulturala
Norbanakoen papera erabakigarria izango da, norberaren jarreran oinarritzen direlako taldearen eta gizartearen hizkuntza ohiturak. Horregatik, hiriko auzoetan, jarduera ugari antolatu dituzte datozen egunetan herritarrentzat, Euskaraldiaren topagune izango direnak. Gainera, Euskaraldiaren talde motorrak hiri mailako jarduerak ere antolatu ditu, eta horretarako, karpa bat jarri dute Bulebarrean.
Euskaraldiaren hasiera ekitaldia gaur izango da, 19:00etan Bulebarreko karpan, eta han, gainera, Mintzalaguna egitasmoaren 25. urteurrena ospatuko dute. Aurretik, baina, ahoak berotu eta belarriak prestatzeko, Mintzodromoa programatu dute, 9:30ean, Bulebarreko karpan, eta egun osoan zehar euskaraldiari buruzko informazioa eta animazioa egongo dira. 12:00etan Euskaraldiaren Mintzodromo berezia antolatu dute, ahobizi eta belarriprestentzat.
Azaroaren 25ean, igandean, Xanti muxarra ipuin antzeztua egingo dute 2 eta 11 urte bitartekoentzat, Kutxa Ekogunean, 12:00etan. Azaroaren 26an, Idazlezainak:?zeru horren infernuak (Shakespeareren sonetoak euskaraz) ikuskizuna egingo dute Viktoria Eugeniako Klub aretoan, 18:30ean. Toki berean, Happy End pelikularen proiekzioa eta solasaldia eskainiko dituzte, azaroaren 27an, 18:30ean.
Azaroaren 28an, Euskaraldiaren inguruko hausnarketa saioa antolatu dute Donostia Ospitaleko Arantzazu eraikineko prestakuntza geletan, lan munduan euskararen erabileraren inguruan hausnartzeko helburuarekin.
San Telmo Museoko Baserria eta tradizioa atalera bisita egingo dute 18:00etan, eta ondoren, solasaldia. Baserri mundua nolakoa zen eta nola aldatu den izango dute hizpide, parte hartzaileen bizipenetatik eta esperientziatik abiatuta. Azaroaren 29an, toki berean, Zeharkako begirada bisita gidatua egingo dute, Asier Gomezen eskutik, 18:00etan.
Azaroaren 30ean Euskararen Eguneko aintzatespen ekitaldia egingo dute Donostia Ospitaleko areto nagusian, eta San Telmo Museoko 60ko hamarkadaren atala bisitatuko dute. Ondoren, solasaldia egingo dute urte haietako mugarri aipagarrienez hitz egiteko. Abenduaren 1ean, Arrosa eta leuna ipuinaren kontaketa antolatu dute txikienentzat, Kutxa Ekoguneko haur parkean, 11:30ean. Abenduaren 2an, Zuhar Iruretagoienak San Telmo museoko hileko obraren (Vexation) inguruan hitz egingo du, 12:00etan.
Azkenik, Euskaraldiari amaiera eman eta Euskararen eguna ospatzeko Azken aurreko manifestuaren irakurraldia egingo dute Kaxilda liburu dendan, 19:00etan, eta 20:00etan Verdini Dantza Taldeak Besarkatzen ikuskizuna egingo du Victoria Eugenia Club aretoan.
Euskaraldia, abiapuntu bat
Euskaraldiak gure hizkuntza ohituretan «reset moduko bat» egiteko aukera emango digula dio Elhuyarreko langileak, eta baita prozesu gisa ulertu behar dela ere, abiapuntu gisa, alegia. Aurrera begira, datozen hamaika egunen balorazioa egitearen garrantzia nabarmendu du, eta suertatu diren egoeren aurrean herritarrek izan dituzten jarrerak partekatzea interesgarria dela gaineratu du, izan duen eragina neurtu eta tresna gehiago garatzeko: «Euskaraldia esperimentu bat da, eta ostera aterako diren ondorioek hobetzen lagunduko digute».




