San Tomaseko postuak lekuz aldatuko dituzte Amara Berrin
Berrikuntzak prestatzen ari dira Amara Berriko bizilagunak San Tomas egunerako, abenduaren 21erako, hain zuzen. Nobedade nagusia, postuen lekualdatzea izango da, izan ere, Amara Berriko auzo elkarteak jakinarazi duenez, aurten Armeria plazan jarriko dituzte postuak.
Auzoko lau eragile izango dira San Tomas egunean auzoa animazioz eta giro onez betetzeko arduradunak: Ilunki kultur elkartea, Ikasbide kultur elkartea, Amara Berri gurasoen elkartea eta Amara Berriko auzo elkartea.
Auzo elkarteko Iñaki Olasagastik azaldutakoaren arabera, txistorra, trikitiak eta herri dantzak ez dira faltako. Gainera, animalien eta produktu gastronomikoen erakusketa egongo da.
Azkenik, aurtengo berrikuntzen artean, txorimalo lehiaketa aurki daiteke. “Beste auzo batzuetan egin izan dutela bagenekien, eta oso ideia polita iruditu zitzaigun”, azaldu du Olasagastik. Izen ematea abenduaren 10era arte irekia egongo da, eta interesa duenak e-mail bat bidali beharko du amaravecinos@gmail.com helbide elektronikora. Lehiaketaren inguruko informazio gehiago aurki daiteke Amara Berriko auzo elkartearen Twitter kontuan: @AAVVAmaraBerri.