Loiolatik edo Donostiatik kanpo joan behar ote diren
Talde antimilitaristak protesta egin zuen Loiolako kuartelen aurrean, joan den larunbatean. (Argazkia: Bake Ekintza Antimilitarista Taldea) Urteak daramatza Donostiako Udalak militarren kuartelak kendu nahian. Zubieta aipatzen dute kokapen berri gisa, baina antimilitaristek hiritik joatea nahi dute.

Talde antimilitaristak protesta egin zuen Loiolako kuartelen aurrean, joan den larunbatean. (Argazkia: Bake Ekintza Antimilitarista Taldea)
Loiolako kuartelak maiz izan dira hizpide hiriko agintarien artean. Odon Elorzak, Donostiako alkatea izan zen garaian, militarrak Loiolatik kentzea helburu izan zuen, arrakastarik gabe. Juan Karlos Izagirrek ere egin zuen saiakera, baina zorrotz erantzun zion eskutiz batean Carme Chaco orduko Defentsa ministroak: «Ez dut militar bakar bat kenduko Euskaditik». Orain, Eneko Goia alkateak ere ekin dio kuartelen inguruan negoziatzeari. Eztabaida, ordea, harago doa; izan ere, Goiak Espainiako arduradunekin izandako elkarrizketetan aipatu du kuartelak Loiolatik kentzeko baldintza dela Donostiako beste lur batzuetara mugitzea. Sortu berri den Bake-Ekintza Antimilitarista taldeak, ordea, ez ditu kuartelak nahi ez Loiolan, ez beste inon.
Udal gobernuko bi alderdiek kokaleku berriaren inguruko iritzi desberdinak dituzte. EAJren udal taldeak kuartelak Zubietako Eskuzaitzetako industriagunera mugitzeko proposamena jarri du mahai-gainean. PSE-EEk, ordea, Martuteneko Antondegi lursaila hobesten du. EH Bilduk adierazi du kuartelen lurrak berreskuratzea babesten duela, baina ez dator bat armada Euskal Herrian birkokatzearekin.
Goia pare bat aldiz elkartu da azken hilabeteetan Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroarekin, eta kuartelean ere egon da bisitan. Aste honetan bertan izan du Madrilen bilera alkateak Roblesekin. «Gure lehen helburua kuartelak dauden lekutik ateratzea da. Defentsa Ministerioaren eskaera gehiegizkoa da», adierazi du Goiak.
Defentsa Ministroak egin duen proposamenean, eraikinak kokapen berrian egungoaren ezaugarri eta tamaina bera izan behar du. Gainera, udalarena litzateke militarrentzako egoitza berria eraikitzearen ardura, eta udalak berak ordaindu beharko luke. Horrela bada, Goia ez zen pozik atera azken bileratik, baina ez duela etsiko dio: «Instalazio berriaren beharrak gehiegizkoak iruditzen zaizkigu, baina lanean jarraituko dugu. Proposamena sakon aztertuko dugu, beharrak ondo aztertuko ditugu, baita lekuz aldatzeak suposatzen duen kostua ere».
Badirudi bi aldeek Zubieta dutela jopuntuan, kokapen berri gisa. Defentsa Ministerioak bileran berretsi du Antondegira joateko aukerak baztertuta egoten jarraitzen duela. Beraz, kuartelak Loiolatik Zubietara joateko aukera da proposamen nagusia: «Asko dago aztertzeko, eta horretan fin lanean jarraituko dugu irtenbide bideragarria lortzeko». Antimilitaristek ez dute Zubietaz ezer ere entzun nahi: «Gure ustez Zubietak ez luke izan behar gizartearen zati batek gogoko ez dituen edo askorentzat deserosoak diren instalazioak hiriko erdigunetik kanpo kokatzeko lekua. Berriro ere interes militarrak herritarren beharren gainetik jarri dituzte», diote antimilitaristek.
Gainera, Ministerioaren eskaera zerrenda publikoa izan beharko litzateke antimilitaristen ustez: «Herritarrek zuzenean jakin behar dute zer nahi duen Defentsa Ministerioak trukean lur horiengatik. Badirudi Loiolan betirako egotea bilatzen dutela; edo pentsa liteke ere etxebizitza beharra aprobetxatuta, lur horien errekalifikazioaren bidez espekulazio ekonomikoarekin lotutako diru sarrera handienak eskuratzeko ahaleginetan ari direla».
Protestak hasi dira
Antimilitarista taldeak elkarretaratzea egin zuen joan den larunbatean, Loiolako kuartelen aurrean, Kuartelik ez, gastu militarra murriztu lelopean. «Militarrek Loiolako lurretan ezarri duten betoa salatzen dugu, herritarren beharrei erantzuteko oztopo bilakatu baitira». Antolatzeko garaia dela uste dute, «behingoz» kuartelak kendu ditzaten: «Eraikuntza militar hauekin ados ez dauden eta gastu militarraren handitzearen aurka dauden gizarte mugimendu eta auzo elkarte anitzak elkartuz, Espainiako Gobernuari eskatu nahi diogu gaur egungo kuartela desegin eta berririk ez eraikitzeko». Aurrera begira borrokan jarraituko dutela dio Bake Ekintza Antimilitarista Taldeak, eta buruan dute ekintza handiagoren baterako deia egitea.
Kuartelek 171.024 metro koadro hartzen dituzte, beraz, ez da harritzekoa lurrak berreskuratzeko interesa izatea udalak, aspalditik jo baitu hiriaren hazkunderako gune estrategikotzat.

