Migrazioa izango dute hizpide Tabakaleran
Migrazioari buruz hitz egingo dute Tabakalerako Taba gunean, gaur, azaroak 30, 20:30ean. Inauguratuko dute Aldundiaren Eztabai eztabaida foroaren 2018-2019 denboraldia. Migrazioaren aurpegi guztien inguruan hitz egingo dute. Partaideek ezagutuko dituzte immigrazioa arautu, kudeatu eta babesten dutenen esperientziak; eta, aldi berean, hausnartuko dute herritarrek eta erakundeek hartu beharreko jarreraren inguruan.
“Iritzi publikoaren arabera, migrazioa gako nagusienetako bat gaur egun mundu osoan. Gobernuak aldatzen ditu, gatazkak sortzen ditu, eta biziak eramaten ditu”, diote antolatzaileek.
Hauek izango dira hitzaldiko gonbidatuak: Ernesto Castro Cordoba (Madril, 1990) filosofoa da eta Bartzelonako Unibertsitateko Filosofia Analitikako masterra du; Mikel Mazkiaran Lopez De Goikoetxea (Olazti, 1967) abokatua da, immigrazio gaietan aditua, eta, gaur egun, Espainiako SOS Arrazakeriaren Elkarte Federazioaren idazkari da; Maite Peña Lopez (Errenteria, 1975) zuzenbidean lizentziatua Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV-EHU) 1999an.
Eztabai ekimena solasaldi ireki bat da, partaideek gaurkotasuneko gaiei buruz hitz egiten dute, erreferentziazko gonbidatuekin. Eztabai Platypus Labs enpresaren jarduera bat da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta bere helburua da bultzatzea gaurkotasuneko gaien inguruko eztabaida publikoa.
Gipuzkoako hainbat jatetxek eskainitako afaria ere izango dute partaideek. Informazioa eta sarrerak: Eztabai.eus.