‘What is bertsolaritza?’ dokumental laburra aurkeztu dute
What is bertsolaritza? dokumental laburra aurkeztu zuten atzo Tabakalera kultur zentroan. Etxepare Euskal Institutuak eta Mintzola Ahozko Lantegiak egindako sorkuntza lana da eta nazioartean bertsolaritza ezagutzera emateko helburuarekin egin dute. Aurkezpenean besteak beste, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak eta Andoni Egaña Mintzola Ahozko Lantegiko patronatuko kideek hartu zuten parte.
Ordu erdi eskaseko ekoizpenak, bertsolaritza zer den azaltzen du ingelesez, eta azpitituluak ditu euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez. Dokumentala egiteko ideia 2017. urtean sortu zen, Bertsolari Txapelketa Nagusia martxan zela, eta bertsolaritzaren testuingurua, sormen-prozesua eta gaur egungo egoera kontatzen ditu. Bertsolari Txapelketa Nagusia baliatuz, lanak Euskal Herrian bertsolaritzak duen oihartzuna erakusten du, eta aldi berean, Europan eta munduan kokatuz, atzerriko ikertzaileek eta inprobisatzaileek bertsolaritzari buruz duten ikuspuntua jasotzen du. Dokumentala Bertsozale Elkarteko ikus-entzunezko lantaldeak zuzendu eta ekoiztu du, Xabier Payak egindako gidoian oinarrituta.