'Errepide galduak' saioa aurkeztuko du Ander Izagirrek
bideoan bizikleta gainean ageri da donostiarra. Dena dela, berak dio ez dela txirrindularitza programa bat izango. “Saio ibiltaria izango da edukien aldetik”. Bestalde, aurkezle gisa ariko den lehen aldia da. Halere, Bertatik Bertara saioan kolaboratzailea izan zen.
Datorren astean estreinatuko du Ander Izagirre kazetari donostiarrak Errepide galduak telebista saioa. ETB1ek eskainiko du ostegunean, abenduak 13, 22:30ean. Hain zuzen, ostegunetan eskainiko dute, ordubeteko iraungo du eta hasiera batean sei atal izango ditu.
IRUTXULOKO HITZAk Izagirrerekin hitz egin du saioaren xehetasunak ezagutzeko. “Atal bakoitza ibilbide bat izango da, etapa bat. Bidaia bakoitzean pertsonaiak eta istorioak bilduko ditugu”, dio Izagirrek. Pausoka da saioaren ekoizlea, eta aurkezle lanetaz ez ezik gidoiaz ere arduratu da kazetari donostiarra.
Lehenengo atalean, gai desberdinak landuko dituzte. “92ko Donostiako Klasikoari buruz hitz egingo dugu. Gauza bitxiak gertatu ziren. Sekulako ekaitza bota zuen, eta Lance Armstrong gazteak parte hartu zuen. Xabier Usabiaga eta Marino Lejarretarekin hitz egingo dugu egun hartaz”. Era berean, Jaizkibel mendiaren bideez ariko dira. “Bide horien historia kontatuko dugu, nola frankismoaren esklabuek egindako errepideak direla”.
Hurrengo ataletan Euskal Herriko beste hainbat txoko bisitatuko dituzte. Bizkaian, Lapurdin, Araban eta Gipuzkoan barrena ibiliko dira, besteak beste. “Une honetan Bizkaian gabiltza grabatzen. Ezkerraldeko emakumeen ofizioen ingurukoa izango da. Santurtzi-Bilbo etapa egingo dugu, itzulinguru batzuk eginez emakume meatzari, sirgari, sardinera eta horrelako kontuekin”, azaldu du Izagirrek.
EITBk aurreratu duen