81 plaza betetzeko Lan Eskaintza Publikoa onartu du udalak
2018ko Lan Eskaintza Publikoa onartu du Donostiako Udaleko Gobernu Batzarrak. 81 plaza aterako dituzte erakundearen bitartekotasuna gutxitzeko. Horietatik 71 txanda irekian aterako dira; alegia, udaleko funtzionario izan gabe parte hartu ahal izango da. Beste 10ak, aldiz, barne igoerako txandan aterako dira. Izen-ematea udalaren webguneko lan eskaintzaren atarian eta udaletxean egin daiteke.
Txanda irekian aterako diren 71 plazak ondorengoak dira: 20 administrari, 25 udaltzaingoko agenteak, goi mailako 14 teknikari eta erdi mailako 11 teknikari.
Administrari plazetara sartzeko, batxilergoko titulua, teknikari titulua edo horren baliokide den besteren bat izan behar da; goi mailako eta erdi mailako teknikarien plazetara sartzeko, berriz, postuaren berezitasunaren araberako tituluak eskatuko dira. Euskara izango da beste betekizunetako bat: administrari postuetarako, 2. hizkuntza eskakizuna eskatuko da, eta teknikarien kidegoetarako, 3.a edo 4.a deialdi bakoitzeko oinarri espezifikoak onartu ahala emango da informazio zehatzagoa.
Barne igoerako txandari dagokionez, 81 plaza horietatik 10 aterako dira txanda horretan. Udaletik adierazi dutenez, aukera ona da enplegatuek lanbide karrera egiteko.
Administrarien eskaintza izango da denetan zabalena, guztira 42 plaza eskainiko baitira. Oraindik egin gabe dago 2017ko Lan Eskaintza Publikoan onartutako 22 administrari plazen deialdia. Beraz, 2018ko beste 20 plaza horiek gehituz gero haiei, guztira 42 plaza eskaniko dira deialdia egitean.