Zinema kritika: 'Entre dos aguas'
Zigor Etxebeste, zinema kritikaria / Zinea.eus
Zuzendaria: Isaki Lacuesta Urtea: 2018 Herrialdea: Espainia – Bi anaia uren artean – Ulergaitzak diren artelanak onartezinak ohi dira gure adimenerako, eta horren ondorioa askotan ikuslearen arbuioa izaten da. Hala ere, badugu hura onargarri bihurtzeko modu bat, definizioa, batez ere, horren ostean aipatutako arbuioa nolabaiteko lasaitasunean bilakatzen bada. Artean eroso sentiarazten gaituenak ez ditu gure erraiak mugitzen, eta, horregatik, nahiago izaten dugu ohikoa eta arrunta gogaitzen gaituena baino. Ez dut uste arteak aurrera edo atzera egiten duenik, ez behintzat beste jakintza batzuek egiten duten moduan. Zientzia eta teknologiaren kasua, esaterako. Artean aurrerapena edo garapena ordez, bilakaera eta ausardia (gor)aipatu beharko genituzke. Zineman kontaezinak dira adibideak, George Melies eta Jean Vigotik, Luis Buñuel eta David Lyncheraino, esaterako. Isaki Lacuesta bilatzaile horien artean ipini beharko genuke. 2006an La leyenda del tiempo filmatu zuenean, Isra eta Cheito anaia ijitoen nerabetasunerako iragatea film berezi eta eder batean jaso zuen. Lacuestak bazekien bere baitan San Fernandoko (Cadiz) La Caseria auzo umilera berandu baino lehenago itzuliko zela, anaien bizi ibilbidea bere kamerarekin berriro harrapatzeko gogoz. Hizpide dugun filmaren izena Camaronen diskoa ospetsuaren izenburuak bideratu zuen, baita argumentu-aitzakia moduan, filma denboraren joanari buruzko hausnarketa ere baita. Hamabi urte geroago, Entre dos aguas filmean San Fernandora itzuli da, eta oraingoan, Paco de Luciaren runba ezagunetik abiatu (ez da inoiz agertzen), eta izenburuak eskaintzen dion esanahi anitzarekin jokatuko du Gironako zuzendariak: bi anaien aurka egiten duen bizitza, mugako bi paisaiak, bi leku desberdin (San Fernandoren kokalekua, itsasoaren eta lurraren artean, Atlantikoan baina Mediterraneoaren usain gozoarekin), eta zinearen bi alderdi, dirudienez, kontrajarriak (fikzioa eta errealitatea). Entre dos aguas Isra eta Cheitoren bizi esperientzian du oinarria, bat kartzelatik irten berria da, bestea itsas armadako okina da, eta biek partekatzen dituzten une gazi-gozoak izango dira filmaren ardatza. Baina, Lacuestak fikzioa errealitatearekin nahasterakoan (Isra ez da inoiz kartzelan egon eta bere emazteak ez du etxetik bota; Cheito, ordea, itsasontzi militar batean benetan lan egiten du), lan aldabera bat sortzen du. Horretan datza filmaren (eta zinegilearen) bertuteetako bat, inoiz ez baitakigu ikusten ari garena asmatua den edo ez (zuzendariaren lehen filmarekin, Cravan vs. Cravan (2002), hauxe bera gertatzen zitzaidan). Gauzak zehazteko eta definitzeko irrikan daudenek zaila izango dute Lacuestaren lanaren esanahia argitzeko, baina, egia esateko, Entre dos aguasek ikuslearengan eragiten duena definizio soil eta mugatzaile bat baino askoz aberasgarriagoa da. Israk eta Cheitok irudietan erakusten duten egiantza benetakoak bihurtzen ditu, eta lengoaia zinematografikoak agerira aterako du hori. Zinemak errealitatearen leiho bat izan behar zuela zioen Andre Bazinek, eta Isaki Lacuestak goiburu hori aintzat hartu badu ere, leihoaren kristala gainditu eta ispiluekin jokatzen hasi da, bere zinea erreala dela adieraziz, baina ez errealitatea. Zinean sinisten du Lacuestak, eta errealitatera hurbiltzeko (bizitzeko) modu berezi bat dela baita ere, baina ez du zinearen purutasunean sinisten, eta horregatik bere filmak behin eta berriz aipatu dugun bikoiztasuna agertzen dute. Isaki Lacuestak Entre dos aguas filmarekin 2018an Donostia Zinemaldian Urrezko Maskorra irabazi zuen (bigarrena, 2011n Los pasos dobles ostean), eta gero eta aitorpen gehiago jasotzen ari da. Hala ere, Isaki Lacuesta ezagutuz, ez dut uste guzti honek bere ibilbide definiezinetik mugituko duenik; beti bezala, uren artean igeri egiten jarraituko du. Fikzioa eta dokumentala zer diren eta zer ez diren zehaztu gabe. Hori bai, kamera soinean duela.