Espazio publikoa hobetzeko egitasmoa lantzen ari dira
Donostiako Udala partaidetza prozesu bat egiten ari da Amara Berrin, espazio publikoak aktibatzeko. Hilaren 15ean hausnarketa kolektiboa egingo dute auzotarrekin.
Amara Berri auzoak dituen beharrak ezagutu eta proposamenak jasotzeko partaidetza prozesua abiatu zuen Donostiako Udalak, urriaren 1ean. Paisaje Transversal enpresa da proiektuaren kudeatzaile eta dinamizatzailea, eta Amara Berriko auzo elkartearekin elkarlanean egiten ari dira. Auzoko espazio publikoaren arazoak eta aukerak jasotzen dituen diagnostikoa egitea da helburua.
Prozesua pausoz pauso ari dira egiten. Urriaren 22an hasi ziren inkestak egiten auzoko espazio publikoetan eta kale desberdinetan. Era berean, hainbat elkarrizketa egin dituzte auzotarrekin eta auzoko elkarte zein eragileekin. Informazioa biltzeko buzoi ugari jarri dituzte auzoko gune publiko eta zenbait dendetan. Azaroaren 10ean Amara Berriko mapa kolektiboa osatu zuten, eta abenduaren 15ean proposamenen tailerra egingo dute.
Amara Berriko auzo elkarteak bat egin du partaidetza prozesuarekin. «Kalera atera eta plan ugari egin ditugu auzoan, eta hasieran iruditu zitzaigun udalak gure urteetako lana aprobetxatu nahi zuela. Gerora, ordea, egokia iruditu zitzaigun udalaren bidez gure auzoaren beharrak behin betiko jasotzea», azaldu du Xabier Berridi auzo elkarteko kideak. Prozesua aurrera eramateko baliabide asko jarri dituzte. «Buzoiak jarri ditugu auzoan eta Paisaje Transversal-en eskuorriak banatu ditugu».
Mapa kolektiboa osatzea «oso interesgarria» izan zela azpimarratu du Berridik: «30 bat auzotar bildu ginen, eta bi taldetan banatuta auzoaren gabeziak jaso genituen. Amara Berri oso berezia eta zabala da. Hiru hiribide nagusi ditu; Madril, Antso Jakituna eta Karlos I.a. Bakoitzak bere arazoak ditu, eta horiei irtenbidea ematea ezinbestekoa da».
Lanketa eta emaitza
Amara Berriko espazio publikoa hobetzeko plana «aberasgarria» izaten ari dela dio Angela Peraltak, Paisaje Transversal enpresako kideak. «Prozesu honen helburua estrategiak eta ekintzak zehaztea da, auzoaren espazio publikoaren erabilera egokia izan dadin». Lanketa eraginkorra eta inklusiboa izateko bost ikuspegiri arreta berezia jarri diote. «Genero ikuspegia, pertsona migratzaileak eta kultur aniztasuna, adinekoen eta adingabeen ikuspegia eta urritasunen bat duten pertsonak».
Paisaje Transversal-ek ere auzotarrekin egindako mapa kolektiboa nabarmendu du. «Aberasgarria izan zen auzoan bizilagunekin elkartzea, eta beraien askotariko iritziak jasotzea». Amara Berriren hobekuntza plana hiriko gainerako auzoetara zabaldu daitekeela uste du Peraltak. «Desberdinak dira auzo bakoitzak, baina egitasmo hau erabilgarria da».
Abenduaren 31n bukatuko dute prozesua, eta ordurako prest izango dute diagnostikoa. «Espazio publikoaren erabilera hobetzeko, egin beharreko ekintzen aurretik garrantzitsua da partaidetza diagnostiko bat egitea», azpimarratu du Peraltak.
Benetako eskaera
Informazio bilketak eta bilerak egitea garrantzitsua bada ere, Berridik uste du «gauzak egiteko» garaia dela. «Guk eskatzen duguna da hirigintza proiektu bat auzoarentzat. Auzoa zahartua dago eta eraldaketa bat behar du. Adituen iritzia ezagutu nahi dugu, eta ideia berriak behar ditugu».
Abenduaren 15eko tailerrean adostuko dute auzoarentzako proiektua. Aurkeztu diren proposamenak elkartu eta hausnarketa bat egingo dute. «Idatziko dugun proiektua kaxoi batean ez dela geratuko esan digute. Dena dela, prozesu honek ez du konpromisorik eskatzen. Beraz, udal gobernuak ez du zertan bete eskatzen dena. Hori bai, aurrerantzean proiektu bat izango dugu udaletxera joateko».