Amarako betiko gozogileak
Geltoki gozotegia 1988an ireki zuten Joxemari Pikabea eta Mari Karmen Etxabe senar-emazteek; ordutik gozogintzaren negozioa asko aldatu dela diote, baina berrikuntzak sartzen joan dira, eta oraindik ere tinko eusten diote etxeko negozioari.
Amarako Geltoki gozotegiak 30 urte bete ditu aurten. Joxemari Pikabea eta Mari Karmen Etxabe senar-emazteek ireki zuten negozioa, eta oraindik handik ibiltzen dira. Gogor lan egin dute, berrikuntzak eta produktu berriak eskainiz.
Etxabe gozotegia zuten Mari Karmen Etxaberen gurasoek, Antiguan, Gurutze Gorriaren ospitalearen aurrean. Hamabi urtetatik han pastelak saltzen aritu zen Mari Karmen, eta Joxemarirekin harremana hasi zuenean, duela 50 urte inguru, hura ere gozotegian hasi zen lanean, lantegian. Familia handia izan zuten, eta senar-emazteek erabaki zuten euren negozioa irekitzea. Amarako Easo kalean ireki zuten gozogintza lantegia. Alemanian, Frantzian eta Belgikan aritu zen teknika berriak ikasten Pikabea, eta ordutik ez diola sekula ikasteari utzi dio: «Hasi ginenean gozogintzan berritasun gutxi zeuden. Duela hogei urte inguru hasi ginen teknika berriekin, eta urtero berrikuntzaren bat sartzen saiatzen gara». Gogoan du duela urte asko gazta tartaren teknika ekarri zutela Alemaniatik, eta eskaintzen hasi ziren arren, ez zuela arrakastarik izan: «Orain, gazta tartak garrantzia handia du, eta asko saltzen dugu. Zero kilometroko gazta tarta ere egiten dugu, dena hemengo produktuekin. Urnietan badago artalde bat, eta handik ekarritako gazta freskoarekin egiten dugu». Gainontzean, euren berezitasun nagusia Ondarreta tarta da: «Hori da gehien saltzen duguna, almendrekin egindakoa da; eta azken urteetan, Erregetako opilarekin ere bezero fidelak dauzkagu».
Lantegiaren goialdean zuten denda txiki batean hasi ziren pastelak saltzen, eta aurrerago gehitu zioten kafetegia, 1997an: «Aurretik tabernetan bezala, jendea hasi zen gozotegietan gosari txikiak egiten. Modan jarri ziren kafetegiak eta guri pastelak saltzeko lagundu izan digu; baina enkarguz ere lan egiten dugu». Aldaketa «ikaragarria» izan dela dio Pikabeak: «Lehen, familiak handiak ziren eta edozein ospakizunetarako jotzen zuten gozotegietara. Gainera, igandetan, jende guztia ikusten zenuen bere pastelekin etxera joaten. Orain, familiak txikiak dira, eta ospakizunak maiz etxetik kanpo egiten dituzte».
Artisauak dira
Gaur egun hamabi bat lagunek lan egiten dute Geltokin. Gozogileek 4:00etatik 11:00etara lan egiten dute, eta kafetegia 7:30ean irekitzen dute. Denetik egiten dute: tartak, turroiak, bizkotxoak… eta larunbatetan ateratzen dituzte produktu gehien normalean. Duela urte batzuk erretiratu zen Pikabea; oraindik ia egunero joaten da negoziora, baina bisitan. Etxabek oraindik kafetegian lan egiten duen arren, gero eta ordu gutxiagoz aritzen da, eta laster erretiroa hartuko du honek ere.
Saltoki handietako eskaintzak ez duela eurenarekin zerikusirik dio Pikabeak, baina, hala ere, konpetentzia dela: «Artisauak gu gara eta jendeak ikusi behar du». Horregatik, elkartu egin dira inguruko gozogileak, indarrak batu eta komunikatzeko nola lan egiten duten: egunero egiten dituztela produktuak, eta kalitatezko osagaiak erabiltzen dituztela.