Gabonetako oporrek eragin handia izaten dute herritarrengan, eta pasa diren urteetako oroitzapenak eta maiteak diren pertsonen falta nabariago izaten da familia edo lagunekin elkartzean. Horregatik, urtero bezala, Gabonetako jai egunetan suertatu daitezkeen egoera eta emozioak kudeatzen laguntzeko, doluan dauden familientzat iradokizunak egiteko bi hitzaldi egingo ditu Bidegin elkarteak, beste hainbat elkarterekin batera.
Hitzaldi horietan parte hartuko du Izaskun Andonegik, aringarrietako erizain eta galera larri, trauma eta doluaren inguruko adituak. Bidegin Gipuzkoako dolu eta laguntzarako zerbitzuaren sortzaileetako bat da Andonegi, eta esperientzia luzea du pertsonei dolu prozesuan lagun egiten. Indian hiru urtez bizitzen egon zen gaztetan, eta han heriotzarekin eta erditzeekin izandako esperientzia intentsuen ostean erabaki zuen erizaintza ikastea.
Lehen hitzaldia, abenduaren 13an, ostegunean, izango da, 18:00etan Gipuzkoako Erizaintzako Kolegioaren egoitzan (Santesteban musikariaren kalea, 2).
Heriotza bizitzaren parte gisa. Doluaren autokudeaketa pertsona maite baten heriotzari aurre egiteko lelopean, pertsona maite baten heriotzak eragiten duen doluari aurre egiteko moduen inguruan hitz egingo dute Andonegi eta Lori Thompsonek. Thompson, Matia Fundazioko Zainketa Aringarrien Unitateko psikologo klinikoa eta Arreta Psikosozialeko Taldeko zuzendaria da.
Bigarrena, abenduaren 18an, asteartean, izango da, Okendo kultur etxean 19:00etan. Zortzigarren aldiz egingo duten
Gabonak… eta etxean aulki bat hutsik izeneko hitzaldian doluan dauden pertsonentzat eta familientzat Gabonei aurre egiteko iradokizunak egingo ditu Andonegik. Era berean, Helena Arizkorretak eta Mikel Perezek euren testigantzak azalduko dituzte, eta Haizea Eguren,ek Marina Esquisabelek, Ainhoa Gonzalezek, Nerea Lorok, Silvia Gilek eta Ivan Perezek dantza, kantua eta gitarra joko dituzte.
IRUTXULOKO HITZAk Izaskun Andonegirekin hitz egin du, eta elkarrizketa batean jaso ditu erizainak heriotza eta doluaren inguruan egindako hausnarketak. Elkarrizketa osoa ostiraleko astekarian egongo da irakurgai.