(Argazkia: Dbus)
Dbusek eta Kutxabankek hitzarmena sinatu dute, autobus bidaia banku txartelarekin ordaindu ahal izateko. Datorren udan jarriko dute abian, eta hiriko autobus guztietan bidaiatu ahal izango da ohiko tiketa banku txartelarekin ordainduta.
Sistema abian jartzeko, beharrezkoa izan da eragiketa horiek egin ahal izateko ordainketa pasabide baten kontratazioa lizitatzea. Lizitazioa lehiaketa publiko bidez egin da eta Kutxabankek lortu du adjudikazioa.
2017ko abuztuan Dbusek banku txartelarekin ordaintzeko proiektu pilotu bat jarri zuen abian 16-Igeldo eta 45- Renfe-Bus Geltokiak-Antigua-Aiete lineetan, eta lizitazio berri honekin sistema berritzaile hori linea guztietara zabaldu ahal izango da.
Proiektu pilotuan bezala, autobus tiketa kontakturik gabeko Visa, Mastercard eta American Express kreditu txartelekin eta zordunketa txartelekin eta mugikorretako aplikazio batzuekin ordaintzen utziko du sistemak. Bankuko txartel bakoitza edo mugikorreko aplikazio bakoitzak erabiltzaileak nahi beste bidaia ordaintzen uzten du, noizbehinkako bidai txartelaren prezioan eta komisiorik gabe.
Berrikuntza gisara, gidariaren postuaren ondoan dagoen tiket makinan egingo da ordainketa eta ez da beharrezkoa izango aparteko makinarik jartzea. Helburu horrekin, Dbus eguneraketa batzuk egiten ari da tikek makina horietan, eta aurreikusita dago 2019ko ekainean sistema linea guztietan martxan egotea jada.
Era berean, ordainketa pasabidea garatu ondoren Dbuseko tiketa QR kode sistema bidez ordaitzeko aukera ere ezarri ahal izango da. Erabiltzaileek Dbusen doako aplikazio mugikorraren bitartez erosi ahal izango dute ohiko tiketa (Dbusen App ofiziala). Tiketa erosi ondoren, mugikorrean QR kode bat sortuko da eta kode hori da balioaztu beharko dena. Balioztatzeko, berriz, mugikorraren pantailan dagoen QR kodea gidariaren postuaren ondoan dagoen makinara hurbilduko da. Kontakturik gabeko banku txartelarekin ordaintzen uzten duen makina berbera izango da. Aurreikusten da 2019aren bukaerarako martxan egongo dela QR kodeekin ordaintzeko sistema hau.