Zinema kritika: 'Roma'
Zigor Etxebeste, zinema kritikaria / Zinea.eus
Zuzendaria: Alfonso Cuaron Urtea: 2018 Herrialdea: Mexiko Zinema mexikarrak 1936tik 1959ra bitartean Urrezko Aro bat izan zuela esan ohi da, eta uberari jarraiki, zine historialari eta kritikari askok 2000tik aurrera beste berpizkunde bat ikusi dute, bertoko zinegile batzuk nazioartean izandako arrakasta eta oihartzunari lotutakoa. Hor ditugu Alejandro Gonzalez Iñarritu, Guillermo del Toro, Carlos Reygadas, Michel Franco, Amat Escalante edo Tatiana Huezo, guztiak nazioartean zein zinemaldietan sarituak. Hauen artean, Alfonso Cuaron sartu behar da, noski, aipatu dugun zinemagintza mexikarraren olatu berri honen ordezkaririk heterodoxoen. Mexikotik irten zenetik lan zeharo desberdinak gauzatu ditu: Fantasiazko saga ezagunenaren hirugarren atala egin zuen (Harry Potter eta Azkabango presoa, 2004), kezka sozialeko distopian murgildu zen (Children of Men, 2006), eta hiru dimentsioko zientzia-fikzioarekin ere ausartu zen (Gravity, 2013). Aurten bere jaioterrira itzuli da, eta oso lan pertsonal eta kutuna aurkeztu du: Roma. Bazuen aspaldi Cuaronek haurtzaroko oroitzapenei buruzko zerbait egiteko asmoa, eta Libo bere inudea lokarri gisa hartuz (filmean Cleo deitzen da) 70eko hamarkada hasierako Mexiko Hiriko Roma auzoan bizi den erdi mailako familia baten gorabeherak erakutsiko ditu. Baina Roma askoz gehiago da, eta zuzendariak dioen moduan, filmak maitasunaren misterioa aurkeztu nahi du, espazioz, memoriaz eta denboraz harago dagoela proposatuz. Egia esateko, Cuaronek, Reygadas eta Iñarrituk ere egin bezala, zinea lengoaia moduan erabiltzen du Roman, eta bere irudiek transzendentziarako bidea hartzen dute, askotan narrazioa alde batera utziz. Hori gutxi balitz, Cuaronek estetika landu eta ederrarekin sortu du filma, zuri-beltz harrigarri batean, eta eraikitzen dituen planoei (batez ere jendetza agertzen den bakoitzean) dotoretasuna darie. Filmaren aurrekontua 15 milioi dolarretara iritsi da, eta horrek teknikoki aukera anitzak izatea erraztu du (garabiak, travellingak, jendetza mugitzea, eraikitako dekoratuak, 65 mm-tan filmatzea,…). Hala eta guztiz ere, Roma lan intimista da, eta garai eta leku zehatz bateko pertsonen bizipenak ditu ardatz. Filmaren pertsonaiaren batengana hurbiltzekotan, ikusleak Cleo neskamearekin bat egingo du, bera baita aldiro pantailan agertzen dena. Hala ere, nahiz eta erdi mailako familiak ondo zaindu, bere jatorri indigenak (misteka) bizitza baldintzatuko dio, eta bidegabeko egoerak sufrituko ditu, besteak beste, haurdunaldi zail eta gogor bat. Azpimarragarria den beste pertsonaietako bat Sofia andrea litzateke (Marina de Tavirak antzeztutakoa, filmeko aktore profesional bakarrenetarikoa), familiako ama. Emakume den moduan testuinguruak ere baldintzatzen du, eta bere ezkontza ez zapuzteko egingo dituen ahaleginak alferrikakoak izango dira beti. Honek guztiak, eta garaian Mexiko Hirian zegoen egoera larriak (1971ko Corpus eguneko sarraskia agertzen da filmean), Sofia andrea, Cleorekin batera, familiako haurrak hartu eta Mexikoko golkora lekualdatzera bultzatuko du. Han, itsasoko uhinez eta eguzki argiz beteta, Roma itxiko duen eszenarik hunkigarriena ikusiko dugu, filmaren klimax emozionala eta ikuslean asaldura sortzen duena. Cuaronek horrela Cleo eta haurrak betirako lotuko ditu, eta Veneziako Urrezko Lehoia jasotzerakoan esan zituen hitzak bere asmoa laburtzen dute: «Filma hau, Libo, zureganako, nire familiarenganako eta Mexiko nire herriarenganako dudan maitasun handiak sortu du».