Aldaketa ugari hiriko arrakalan
Bretxako plazak hainbat moldaketa jasan ditu bi mendetako historian zehar. Tropa ingelesak bertatik hirira sartu eta 57 urtera inauguratu zen leku hartan Donostiako merkatu nagusia. Udalak plaza erabat birmoldatzeko plana onartu du duela hilabete gutxi.
Bulebarrera parez pare irekia, Antonio Cortazar arkitektoaren U formako merkatua lurraldeko nekazari eta arrain saltzaileen topagune nagusia bilakatu zen 1870ean. Eraikinaren patioa iturri eder batekin zegoen apainduta, eta aurreko aldean zuen hesiak gunea itxita mantentzen zuen barruan saltzailerik ez zegoenean.
Berwickeko dukearen tropak bertatik sartu ziren Donostiara mende hasieran, hiriko harresian egindako arrakalatik. Gertakari hartatik datorkie Bretxa izena Parte Zaharreko plazari eta merkatuari.
Plaza eta Bulebarra 1860ko hamarkadan jaio ziren, hiriko harresiak bota zituztenean. 1898an, Jose Goikoak bere ukitua eman zion merkatu berriari. Hain zuzen, saltzaile eta erosleak euri egunetan busti ez zitezen, arkitekto donostiarrak merkatuaren patioa estali eta gaur arte mantendu den aurreko fatxada gehitu zion.
Hiriko beste arkitekto ospetsu batek, Juan Rafael Aldaik, merkatuaren atzealdeko Arrandegi eraikinaren diseinuarekin utzi zuen bere arrastoa Bretxa plazan, 1928an. Eraikin horren barnealdea eta merkatuarena erabat eraldatu ziren, ordea, 1999an, merkatalgunea eta zinema eraiki zirenean. Birmoldaketa lan horrekin batera sortu zen ere plazako sotoa, merkatuaren egungo kokalekua.
Hogei urteren ostean, hiriko plaza historikoak birmoldaketa fase berriari egingo dio aurre 2019an zehar. Honakoak, Parte Zaharreko bizilagunei zuzendutako zerbitzuen arrakala estaltzeko balioko du, besteak beste. Erronka polita edozein arkitektorentzat.